Agur 2018 korrikan

Guaixe 2018ko abe. 29a, 08:55

Altsasuko San Silvestreak 40 urte beteko ditu eta urte hauetan joandakoak izanen dituzte oroimenean aurtengo edizioan. Bestalde, 16. Olaztiko Lasterketa eta Irurtzungo II. Pikubestrea jokatuko dira urteko azken egunean

Abenduaren 31n zapatilak jantzi eta 2018. urtea korrikan despedituko dute sakandar askok, gurean eta guretik kanpo antolatuko diren San Silvestre lasterketetan. Probarik herrikoienak eta kuttunenak dira hauek korrikalari gehienendako. Sakanan, aurreko urtean bezala, hiru lasterketa izango dira: Altsasuko San Silbestreak 40. edizioa beteko du aurten. Nafarroako proba zaharrena denak data borobila ospatuko du, beraz, aurten: 40 urte. Olaztiko San Silbestreak, aldiz, 17. edizioa izanen du eta II. Pikubestre lasterketa antolatu du Irurtzunen Pikuxarrek. 


Altsasukoan, 40 urte hauetan joandakoak eta emakumeak gogoan



Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 40. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak, data borobila. Aipatu proba, Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen korrikalari altsasuarraren omenez. Eta hain zuzen ere, bera eta 40 urte luze hauetan Dantzaleku Sakana klubeko korrikalari eta bazkide izan direnak omenduko dituzte aurtengo lasterketan: Juan Jose Igual, Hodei Iturrioz, Esteban Martinez, Iker Borrega, Daniel Ziordia, Goizeder Azazeta, Javier Martirena eta Mario Lopez de Uralde.

Historian atzera eginez, Altsasuko Lagun Onak elkartea hasi zen San Silvestrea antolatzen. 25 urtez antolatu zuen proba, eta ondoren Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi taldeak hartu zuten lasterketa prestatzeko ardura. Zendutako kideez gain, 40 urte hauetan emakumezkoen lasterketa irabazi duten lau altsasuarrei ere errekonozimendua eginen diete: Silvia Zulet (1986an irabazi zuen), Loli Mendoza (1987an), Marijo Arza (2000n) eta Jone Pelaez (2009an).

“40 urte beteko ditu gure probak, data borobila, eta pentsatzen dugu polita dela atzera egitea eta gurekin ez daudenekin gogoratzea, baita gailendu diren emakumeei errekonozimendua egitea. Horretaz gain, duela 40 urte, lehenengo lasterketa horietan aritu zirenei deialdia egin nahi diegu, ea aurtengo proban ateratzera animatzen diren” aipatu digu lehengo proba hartan parte hartu eta Dantzaleku Sakanako kidea den Peio Bergarak.

Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan


Abenduaren 31n, astelehenarekin, arratsaldeko 18:00etan emanen zaio hasiera Altsasuko San Silvestreari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plaza inguruetan. Haurren kategoriakoek helduen proban parte hartuko dute, euren kasuan zirkuituari buelta bat emanez. Ondoren, helduen proba guztia osatu nahi badute, aurrera jarraitu dezakete. 


Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira (5 km). Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote. Aurreko urteko ibilbide bera da aurtengoa, eta soilik lehendabiziko hiruren denborak hartuko ditu antolakuntzak. Probako irabazleek txapela jantziko dute eta lehendabiziko hirurek produktu sorta ederra jasoko dute. Kategoria txikiagoetan, lehendabiziko hirurek domina jasoko dute eta guztiek edatekoa. Helduen proba despedituta, berriz, salda beroa banatuko da guztiendako.

Aurreko urtean 453 korrikalarik parte hartu zuten San Silbestrean, 377 proba nagusian eta 76 txikietan. Altsasuko Sergio Garcia de Eulate eta Olaztiko Izaskun Beunza gailendu ziren beste behin. Antolatzaileek aurten ere urtea korrikan despeditzera animatu dute, primerako giroa izaten baita. 


zena ematea dohainik da, eta aurretik egin daiteke, www.dantzalekuksakana.com web orrian. Bestela, egunean bertan eman daiteke izena, 18:30ak arte.


Olaztiko San Silvestrean lau lasterketa

San Silbestre lasterketaren 16. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etatik aurrera, Sutegi elkarteak antolatuta. 16:30ean zabalduko da izena ematea, Olaztiko frontoian. Urtero moduan, 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak, 16 urtetik gorakoak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km inguru osatzeko, 19:00ak aldera abiatuko den lasterketan. Probak frontoia izango du irteera eta helmuga, eta giro ederra sortzen da bertan. 

Bukaeran, irabazleek trofeoak jasoko dituzte eta parte-hartzaileek oroigarriak.

II. Pikubestrea Irurtzunen



Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak, Piku Gabonak egitarauaren barruan antolatuta, herri lasterketa antolatu dute San Silvestre egunerako, II. Pikubestrea, hain zuzen. Gernika plazatik abiatuta, 16:30ean haurrak ariko dira –6 urte bitartekoek 150 metroko proba izanen dute eta 6 eta 14 urte artekoek 300 metroko proba– eta 17:00etan, aldiz, helduak (4,2 km). Herrian barna zirkuitu polita antolatu dute Pikuxarrekoek, korrikalariak behin eta berriz animatu ahal izateko.
Irurtzungo proban aritzeko 14 urtetik gorakoek 2 euro ordaindu beharko dituzte, eta hortik beherakoek, aldiz, dohainik dute parte-hartzea. Bukaeran, korrikalari guztien artean opari ederrak zozketatuko ditu antolakuntzak. Urteari kirola egiten eta festa giroan agur esateko aukera ezin hobea da Pikubestre, eta bertan aritzera animatu dituzte herritar guztiak. 
zena ematea zabalik dago honako helbidean, abenduaren 30era arte: http://xurl.es/PikubestreInscrip . Bestela, probaren egunean bertan izena emateko aukera egonen da.