Binakakoa: Zabaleta bide onean eta Ezkurdia eta Martija punturik pilatu gabe

Guaixe 2019ko urt. 7a, 12:52
Zabaletak eta Irribarriak garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo.

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 7. jardunaldian Irribarriak eta Zabaletak 19 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Albisuri, Altuna III.ak eta Martijak 13 eta 22 galdu zuten Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra eta Ezkurdiari eta Galarzari 16 eta 22 irabazi zieten Artolak eta Mariezkurrenak

Binakako Pilota Txapelketan lehiatzen ari diren pilotari sakandarrak txanponaren bi aldeak ezagutzen ari dira. Txanponaren alde onean Jose Javier Zabaleta dago. Etxarrengo atzelariak eta Irribarriak garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo Eibarko Astelenan, Migel Gallastegi pilotari handia zenaren omenaldian. 19 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Albisuri, Katedralean jokatutako partida estuan. Bi bikoek txapelketako lidergoa zuten jokoan. Aipatzekoa da Irribarriak eta Zabaletak pilotari sekulako indarra eta abiadura eman ziotela. Izugarri jo zuen Aspeko bikoak, eta Albisu, oso deseroso, akatsak pilatzen hasi zen. Ataungo pilotaria erasotzea izan zen Irribarriaren eta Zabaletaren estrategia, eta ongi atera zitzaien. Olaizolak ia ezin izan zuen jokoan sartu eta 11 eta 18 eta 13 eta 20 aurreratu ziren Aspekoak. Baina Goizuetakoak ez zuen etsi eta 16 eta 21etik 19 eta 21era hurbiltzea lortu zuen. Zorionez, azken tantoa Aspekoen aldera erori zen eta urrezko puntua irabazi zuten Irribarriak eta Zabaletak, Binakako Txapelketan bosgarren puntua eta lidergoa lortzea ahalbideratu ziena.

Ezkurdia eta Martija, punturik pilatu ezinik
Txanponaren beste aldean, aldiz, Ezkurdia eta Martija daude. Ezkurdiak Ladis Galarzarekin osatzen du bikotea, eta azken partidak galdu egin dituzte. Bolada onean dabil arbizuarra, baina ez, ordea, Ladis Galarza. Nahi eta ezin, horrela dabil Baraibarkoa. Larunbatean Beotibarren Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatutako partidan bikain aritu zen Ezkurdia, baina ez zuen atzeko koadroetan behar zuen babesa topatu eta hori ez zen partida irabazteko nahikoa izan. Aldiz, Mariezkurrena II.ak eta Artolak gehiago asmatu zuten eta 16 eta 22 irabazi zieten Ezkurdiari eta Martijari.

Bestalde, Altuna III.ak eta Martijak ezin izan zuten Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra punturik bildu. Leitzako pilotaria ikusgarri aritu zen, eta bere erremate ikusgarriei esker aldea ateratzen hasi ziren Asegarcekoak. Bengoetxeak erabaki zuen partida, eta Imaz Martija baino gehiago izan zen atzean. Horrela, bere bosgarren porrota pilatu zuten Altuna III.ak eta Martijak.   

Sailkapena
Gauzak horrela, Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako puntuazioari dagokionez, 5 puntu dituzte Elezkano II.ak-Rezustak, Irribarriak-Zabaletak eta Olaizola II.a-Albisuk. Lau punturekin daude Artola-Mariezkurrena II.a, eta hiru puntu dituzte Bengoetxea VI.a-Imazek. Azkenik, bina punturekin daude Ezkurdia-Galarza, Altuna III.a-Martija eta Urrutikoetxea-Aretxabaleta.

Datorrena: Ezkurdia Martijaren kontra
Asteburuan Binakako ligaxkako 8. jardunaldia dago jokoan. Sakandarren arteko lehia hartuko du larunbatean Labritek, Altuna III.a eta Martija Ezkurdiaren eta Galarzaren kontra ariko baitira. Irribarriak eta Zabaletak, aldiz, Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari igandean Zumaian. Beste partidetan, ostiralean, Getarian, Bengoetxea VI.a eta Imaz Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira eta ostiralean, Bilbon Olaizola II.ak eta Albisuk Urrutikoetxea eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari.