Sakanako Xake Txapelketa Jabier Habasendako

Guaixe 2019ko urt. 7a, 13:38

39 xakelarik hartu zuten parte Satrustegin jokatutako txapelketan, aurreko urrean baino 23 gehiagok, 8 sakandarrek tartean. Haurren mailan Oier Lacruz gailendu zen eta Mikel Castellano izan zen lehen sakandarra

Abenduaren 22an Sakanako Mankomunitateak antolatutako XIX. Sakanako Xake Txapelketa jokatu zen Satrustegiko elkartean, Zaldi Beltza Xake Taldearen, Satrustegiko elkartearen eta kontzejuaren eta Arakilgo Udalaren laguntzarekin. Guztira 39 xakelarik hartu zuten parte txapelketan, aurreko urtean baino 23 gehiagok, eta horietatik 8 sakandarrak ziren: Koldo Flores, Sebas Insausti, Ismael Anton, Mikel Cano, Markel Intxaurraga, Juan Andres Cerro, Ruben Claver eta Mikel Castellano. Aipatzekoa da ere 12 urtetik beherako partaideak izan zirela tartean, maila ikusgarria eman zutenak, eta 4 emakume lehiatu zirela, aspaldiko partez. Goizetik hasita iluntzera arte, giro bikaina egon zen Satrustegiko elkartean eta zenbait satrustegiar ere proban aritzera animatu ziren.

XIX. Sakanako Xake Txapelketa, aldi berean, Nafarroako Txapelketa izan zen 1.900 ELO puntutik behera. Txapelketa 20 minutuko 8 partidara jokatu zen, goizeko 10:00etan hasi zen, eta bazkaltzeko atsedenaldia egin eta gero, iluntze aldera jakin izan zen norendako izan ziren sariak. Txapelduna Jabier Habans izan zen, Axel Roviralta, Daniel Mugika, Diego Moral, Gregorio Sola, Mikel Otxoa eta Unai Ruizen aurretik. 16 urtetik beherako kategorian 10 urteko Oier Lacruz gailendu zen, Haimar Leone eta Pablo Mugikaren aurretik. Eta sakandarren artean Mikel Castellano izan zen finena.