Urtean zehar atzerriko lehiaketetan sariak lortutako gaztandegiei aitortza egiten die Idiazabal gazta jatorri izendapenak Ordiziako eguberritako feria berezian, urtero. Abenduaren 26an egindako ekitaldian, izendapenaren presidente Jose Mari Ustarrozek hitza hartu zuen eta omendutako gaztandegiei eskerrak eman zizkien “jatorri izendapen honen eta Idiazabal gaztaren itzala eta izen ona zabaltzen laguntzeagatik”.
Idiazabal jatorri izendapeneko 36 gaztandegik 72 sari lortu zituzten pasa den urtean. Haien artean Unanuko Balda, Artola y Otros gaztandegiaren Beriain gaztaren bi sariak daude. Alde batetik, Lyongo Etxalde Gazta Lehiaketan lortutako hirugarren saria eta, bestetik, Munduko Gazta Txapelketan lortutako urrezko domina. Azken lehiaketa horretan beste bi gaztagile sakandarrek ere zilarrezko domina bana lortu zuten: Arbizuko Araña-Etaio gaztandegiko Juananeko gaztak eta Julen Karasatorre etxarriarraren Naparbaso gaztak.