Ihesi ateratako ustezko lapurrak atxilotuta

Guaixe 2019ko urt. 8a, 09:57
Jazarpeneko une bat.. Argazkia: Foruzaingoa.

Altsasun hasi eta Araban bukatu zuen auto jarraipenaren ondoren, Foruzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen.

Abendu akaberan izan zen. Foruzaingoak jakinarazi duenez, bere agente batzuek Sakanan egindako hainbat lapurretarekin zerikusia izan zezakeen auto bat ikusi zuten Altsasun. Ibilgailuak herritik ateratzean gelditzeko agindu zioten, baina gidariak kasurik ez eta ziztu bizian Iparraldeko Autobia (A-1) hartu zuen, Gasteizko norabidean. Foruzainen patruila atzetik joan zen. Jazarpena egiten zuten bitartean foruzainek ikusi zuten autotik hainbat objektu ezpondara bota zituztela. Gerora ikusiko zuten  ustez lapurtutako gauzak zirela: ordenagailu eramangarria, tablet bat eta telefono mugikor bat.

Autobian trafikoa handia zen eta ihesian zihoan autoak ia 200 km orduko abiadura ere hartu zuen; bide aldaketak, balaztatzeak, azeleratzeak ere egin zituen ere. Foruzaingoak esan zuenez, trafikoan arrisku egoerak sortu zituen gidariak. Foruzainek autoa harrapatzea lortu zuten. Ibilgailua, borondatez, patruilaren kontra egin zuen, foruzainak bidetik atera asmoz. Baina errebotatu eta errepide babesaren kontra joan ziren. Ez zen zauriturik egon. Ihesean zebiltzanak 61 eta 59 urteko bi gizonezko dira.

Jazarpena Araban izan zenez, Ertzaintzak autoritate-agentearen kontrako atentatua eta ausarkeriaz gidatze delituak egotzi dizkie. Foruzaingoak bi gizonak gutxienez abendu erdialdean Sakanan izandako bi gertakarirekin lotzen ditu: Etxarrengo etxe batean egindako lapurreta eta Etxarri Aranatzen izandako saiakera batekin.