Beriain, Bargagain, Aralar, Trinitatea… mendizaleen bilgune

Guaixe 2019ko urt. 9a, 11:01
Irurtzundarrak Ergako Trinitatean. Behean, mendizaleak Beriainen, Errege Egunean.

2018 urteari agurra eta 2019ari ongi etorria egin zaie gure mendietan

Urtetik urtera geroz eta jende gehiago animatzen da urtea despeditzera, edo urteari ongi etorria ematera mendira joatera. Gure mendizaleek egun seinalatuetan antolatutako txangoek ere gora egiten dute urtero.

Esaterako, urteko azken egunean, abenduaren 31n, irurtzundarrek Ergako Trinitateko bidea hartu zuten, txokolate beroa hartu eta gero. Iratxo eta Pikuxar elkarteek antolatutako ekimenean urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen duela adierazi digute irurtzundarrek. Gauza bera Lakuntzan. Zabalarte mendi elkarteak antolatuta, IX. Lakuntzesuarri igoera egin zuten urteko azken egunean, Aralarrera. Aldiz, Olaztiko Sutegik eta Altsasuko Mendigoizaleek deituta, Aizkorri izan zuten helmuga abenduaren 31n. Goiza hotza izan zuten bidaide, baina lainoa jasotzerakoan, egun zoragarria.

Errege egunean ohitura Sakanako Mendizaleak taldekoak Beriainera igotzen dira. Hala egin zuten aurten ere, eta azkeneko turroiak eta goxoak dastatu zituzten bertan, izotzari aurre egin eta lainoa jaso eta gero, sekulako eguzki eta eguraldia lagun zutela. Aurten urteko lehen igandea izan zen Errege eguna, eta altsasuarrek ohiturari eutsi zioten, urteko lehen igandean Bargagainera igo eta urtea goian ekiteko ohiturari. Talde polita bildu zen Urbasako bargako Bargagain gurutzean.

Mendigoizale Eguna
Abenduaren 23an Euskal Herriko Mendigoizale Eguna ospatu zen Aralarko santutegian, Gabonen aurreko igandean urtero egin ohi den moduan. Aurten 54. Mendigoizale Eguna izan zen, Nafarroako Mendi Federazioak antolatutakoa. Boscos taldeari egokitu zitzaion aurten antolaketan laguntzea. Sakanako eta Larraungo hainbat txokoetatik igo ziren mendizaleak Aralarrera, eta bertan meza, auzatea eta musika izan zituzten. Aspaldiko lagunekin biltzeko eta gure artean ez dauden mendizaleak oroitzeko egun bikaina izan zen, eguraldi dotorearekin ospatu zena.