Hunkitzen duen barrutik ateratzen den oihua

E. Carreño eta E. Ruiz 2019ko urt. 11a, 13:17
Naroa Anso eta Olibi Galparsoro irrintzilariak.

'Erraiak' irrintziaren inguruko dokumentala estreinatu zuten abenduaren 1ean. Lau nafarrek parte hartu dute filmean, tartean bi sakandar: Naroa Anso etxarriarra eta Olibi Galparsoro olaztiarra. Irrintzia benetan sentitzen dutenean egiten dutela esan dute

Irrintzia barrutik ateratzen den zerbait da. Erraietatik. Ekain Martinez de Lizardui Erraiak dokumentalaren zuzendaria lagun min baten hiletan lagunaren amonak botatako irrintziak markatu zion. Aurretik bazeukan irrintziaren inguruan zerbait egiteko ideia, baina hileta horretan emakumearen min oihu hura erabakigarria izan zen. Euskal Herri osoko irrintzilariak bildu ditu Martinez de Lizarduik irrintziaren inguruko dokumentalan. Lau nafar agertzen dira eta haietako bi sakandarrak dira: Naroa Anso etxarriarra eta Olibi Galparsoro olaztiarra.

Martinez de Lizardui zortzi urtez aritu da irrintziaren inguruko ikerketa eta azterketa egiten. Barruko ohiu hori nola sortzen den, nondik datorren eta etorkizunik duen erantzun nahi izan du, besteak beste. Hasieran irrintziaren inguruko materiala baino ez zuen bildu nahi, baina Artelan ekoiztetxearekin elkartu zen eta ikus-entzunezko bat egitea erabaki zuten: Erraiak. Ordu erdiko dokumentala "benetan hunkigarria" dela esan du Naroa Ansok. Filmaren estreinaldian egoteko aukera izan zuen etxarriarrak. "Barnera iritsi zitzaigun".

Barnera iristen da erraietatik ateratzen den oihua. Erraiak dokumentalean Sakanako bi irrintzilari agertzen dira. Irrintzia "barruan dutena" kanporatzeko modua dela esan dute Naroa Anso etxarriarrak eta Olibi Galparsoro olaztiarrak. Irrintzia festetan eta "giro politetan" egiten ditu irrintziak Galparsorok. "Ez dakit noiz hasi nintzen, nola ere ez. Besteei entzun nien eta barnetik atera zitzaidan. Hasieran kaxkarrago egiten nuen eta, ondoren, hobe". Irrintzia nahi duenean botatzea gustatzen zaio, ez eskatzen diotenean. "Festa giroan eta omenaldietan bota izan ditut ere. Hunkitzen zarenean emozio hori atera beharra da", Ansoren hitzetan. Prestatu gabe atera zuen Ansok bere lehenengo irrintzia ere.

Aukera

Oihana Lopezek dei bat bidali zien Ansori eta Galparsorori. "Lagun bat irrintzilariak bilatzen ari omen zen, eta Sakanako norbait ezagutzen ote zuen galdetu zion. Guri esan, eta egin genuen". Kamaren aurrean irrintzia bota zuten. Galparsororen hitzetan, lehenengo irrintziak ez ziren oso onak izan, izan ere, esan bezala, benetan sentitzen duenean botatzen ditu irrintziak. Ansoren kasuan, katarroa zuen eta ez zekien ahotsa aterako zitzaionik: "baina atera zen, eta oso irrintzi ederra bota zuen gainera". Beti ez direla ateratzen azaldu dute irrintzilariek: "nahi duzula bota gerta daiteke, eta ez ateratzea".

Irrintzia barrutik ateratzen den oihua izanik, teknikarik ez dutela azaldu dute bi sakandarrek. Arnas bakarreko oihu bat dela azaldu du Ansok. "Autodidaktak gara". Dokumentalan Nafarroako Unibertsitatean irrintziaren inguruan egiten ari diren ikerketa bat ikusteko aukera dago ere. Ikerketa honetan irrintziek sortzen duten ahotsaren frekuentzia zer-nolako marrazkiak osatzen dituen aztertzen ari dira. Gainera, orain arte erreparatu gabeko ezaugarriak identifikatu dituztela azaldu dute.

Euskal identitatearen elementu bat da irrintzia, hala ere, Martinez de Lizardui proiektuarekin hasi zenean oso informazio gutxi topatu zuen. Dokumentala osatzen joan zen heinean, aldiz, irrintziaren erabilerari eta xedeari buruz informazioa jaso zuen. Erraiak dokumentalaren esanetan irrintzia zaldi basatien gizakiaren imitazioa izan daiteke. "Nik beti festarekin lotu dut irrintzia, baina komunikatzeko oihu bat omen zen", azaldu du Galparsorok: gerrarako eta borrokarako dei bat, min bat kanporatzeko, barrukoa ateratzeko. Leitza aldean baserri batetik bestera komunikatzeko modua ere bazen irrintzia, Ansoren iritziz: "gainera, mezua zuten irrintziak ziren".

Erraiak dokumentala estreinatu berri da eta Sakanara ekarriko dutela uste dute filmean parte hartu duten bi irrintzilariek.

Erlazionatuak