Bakegintza eta elkar bizitzaren bidean: presoak orain!

Sakanako Sare 2019ko urt. 11a, 08:11

kolaboratzaileak

Horra Euskal Herriak, bere aniztasunean, nahi eta behar duen bide orria, bi Estatuei berriro eskatuko zaiena urtarrilaren 12an. Bilbon eta Baionan esanen dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzioena, estatuena. Baina Estatuek dute gakoa!

Presoen alde, ORAIN, egin behar dira urratsak: Prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartuak gara! Presoen auzia konpontzeko unea etorria da! Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako! Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua.

Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei… Ezinbestezkoa da konfirmatzea orain arte egin dena, egin behar zela eta ona zela bakearentzat! Bidea, hortik doa. Eta hortik urratu behar dugu iraganetik etorkizunerako trantsizio hori…

Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko ezadostasunak.

Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkar bizitza demokratikoa, azkenean posible ikusten da gure Herrian! Orain arte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izanen da!
Eginbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guzientzat ona izanen den bakea eraikiko dugu. Egun bakoitzak kontatzen du. Bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa da.
Elkar bizitzarako prozesu horretan, ORAIN, PRESOEN etapa izan behar da!
Bakearekin guztiak irabazle baikara: Egin dezagun denak irabazle izanen diren bakea!

GUZTIAK, GUZTIAK ETA GUZTIAK BIL GAITEZEN BILBON ETA BAIONAN !!