Lau urtez behera egin ondoren, populazioak gora egin du

Guaixe 2019ko urt. 11a, 14:34

Iturmendin haurrak farekin hotsa egitera atera ziren larunbatean, gurasoak lagunduta.

10 emakumezkotan egin du populazioak gora eta 20.195 sakandar izatera iritsi ginen 2018ko ilbeltzaren 1ean, 2017an baino % 0,05 gehiago. 2014 eta 2017 artean Sakanak 624 biztanle galdu zituen eta joan den urteko gorakada txikiak biztanleriaren beherako joera eten du.

Sakanak biztanle gehien 2013. urtean izan zuen, 20.809 pertsona hain zuzen ere. Hurrengo lau urteetan % 2,99 galdu zuen ibarrak, 2014an eta 2015ean jaitsiera handiarekin eta txikiagoa 2016an eta 2017an. Beherako joera hori joan den urtean moztu zen eta 10 sakandar gehiago zenbatu ziren urteko lehen egunean: 20.195 sakandar. Horietatik 10.366 (% 51,33) gizonezkoak dira, 2017ko kopuru bera. Emakumezko sakandarrak, berriz, 9.829 (% 48,67) dira, joan den urtean baino 10 gehiago. Udalerri guztietan gizonezko gehiago dago emakumezkoak baino.

Herrika
Sakanak 15 udalerri ditu eta haietako bederatzik populazioa handitu dute, Bakaikuk mantendu eta gainontzeko bostek galdu. Biztanle gehiago duten herrien artean, portzentajea kontuan hartuta, gehien igo dena Arruazu da % 4,95 (5 herritar gehiago). Atzetik Etxarri Aranatz heldu da (% 1,58 eta 39 herritar). 2013an eta 2014an gertu egon ondoren, Etxarri Aranatzen estreinakoz 2.500 herritarren muga gainditu du. Populazioa handitu duten herrietan hurrengoak Irurtzun (% 1,19; 26), Irañeta (% 1,15; 2), Ziordia (% 1,12; 4), Lakuntza (% 0,79; 10), Urdiain (%0,60; 4), Arbizu (% 0,45; 5) eta Arakil (%0,21; 2).

Ehunekoari erreparatuta populazioa galtzen dutenen artean jaitsiera handiena Iturmendik izan zuen, % 4,02 eta 16 pertsona gutxiago. Ergoienan ere jaitsiera nabarmena da, % 3,76, 15 ergoendar gutxiago baitaude. Uharte Arakilgo jaitsiera % 2,78koa izan da, urte batean 23 herritar galdu baititu. Olatzagutiak biztanleriaren % 1,38 galdu zuen, 21 olaztiar gutxiago. Jaitsiera horrekin Olatzagutiak 1.500 biztanleko mugatik behera kokatu da. Populazio galera txikiena Altsasuk izan zuen, % 0,16, 12 altsasuar gutxiago. Hala ere, populazioa galtzen duten herrien artean errepikatzen den bakarra Altsasu izan zen.   

Atzera begira
2018ko ilbeltzaren 1eko datuak egun bereko 2009koekin alderatzen baditugu Sakanak hamarkada batean 457 biztanle (% 2,21) galdu dituela agerian gelditzen da. Baina 15 udalerrien populazioaren  jokabidea ez da bera, hamarretan behera egin zuen eta bostetan gora. Ehunekoari erreparatuta hamarkada batean biztanle kopuruan hazkunde handiena izan duen herria Irañeta da, % 9,32 edo 15 irintar gehiago. Atzetik ditu Arbizu (% 6,04; 64), Lakuntza (% 5,56; 67), Bakaiku (% 2,07; 7) eta Etxarri Aranatz (% 1, 75; 43).

Hamar urteko tartean herritar gehien galdu duen herria Olatzagutia da, % 13,82ko galera, 240 olaztiar gutxiago. Biztanleria galera txikiagoak izan dute gainontzeko herriek: Arruazu (% 10,92; -13), Ergoiena (% 9,86; -42), Ziordia (% 9,75; -39), Iturmendi (% 4,74; -19), Uharte Arakil (%4,28; -36), Urdiain (% 4,12; -29), Altsasu (% 2,83; -216), Irurtzun (% 0,72; -16) eta Arakil (% 0,21; -3).

4.320 nafar gehiago
Aurreko bi urteetan bezala, 2018an Nafarroako populazioak gora egin zuen, 4.320 edo % 0,67 gehiago. Joan den urteko lehen eguneko datuei erreparatuta emakumezkoak 327.085 edo % 50,51 dira, aurreko urtean baino 2.522 edo % 0,78 gehiago. Gizonezkoak, berriz, 320.469 edo % 49,49 ziren, 2017an baino 1.798 edo % 0,56 gehiago. Sakandarrak Nafarroako populazioaren % 3,11 ginen 2018an. Baina Nafarroako populazioan pisua galdu du Sakanak, 2018an % 0,02 eta 2017an % 0,03. 

Sakanako biztanleriaren garapena 2017-2018
  Guztira Gizonezkoak Emakumezkoak
Herria / urtea 2018 2017 Aldea 2018 2017 Aldea 2018 2017 Aldea
Altsasu 7.407 7.419 -12 3.740 3.741 -1 3.667 3.678 -11
Arakil 949 947 2 493 492 1 456 455 1
Arbizu 1.124 1.119 5 573 566 7 551 553 -2
Arruazu 106 101 5 57 53 4 49 48 1
Bakaiku 345 345 0 180 181 -1 165 164 1
Ergoiena 384 399 -15 205 214 -9 179 185 -6
Etxarri Aranatz 2.503 2.464 39 1.303 1.280 23 1.200 1.184 16
Irañeta 176 174 2 95 95 0 81 79 2
Irurtzun 2.209 2.183 26 1.138 1.129 9 1.071 1.054 17
Iturmendi 382 398 -16 193 205 -12 189 193 -4
Lakuntza 1.272 1.262 10 668 655 13 604 607 -3
Olatzagutia 1.497 1.518 -21 762 781 -19 735 737 -2
Uharte Arakil 805 828 -23 426 435 -9 379 393 -14
Urdiain 675 671 4 347 354 -7 328 317 11
Ziordia 361 357 4 186 185 1 175 172 3
Sakana 20.195 20.185 10 10.366 10.366 0 9.829 9.819 10

 

Sakanako biztanleariaren garapena, urteka
Urtea Guztira Gizonezkoak Emakumezkoak
1996 19.052 9.791 9.261
1997 X X X
1998 18.990 9.757 9.233
1999 19.104 9.815 9.289
2000 19.164 9.875 9.289
2001 19.392 10.023 9.369
2002 19.677 10.198 9.479
2003 19.832 10.287 9.545
2004 19.862 10.310 9.552
2005 20.002 10.380 9.622
2006 20.028 10.407 9.621
2007 20.086 10.430 9.656
2008 20.447 10.625 9.822
2009 20.652 10.686 9.966
2010 20.805 10.749 10.056
2011 20.776 10.732 10.044
2012 20.768 10.713 10.055
2013 20.809 10.701 10.108
2014 20.504 10.522 9.982
2015 20.307 10.422 9.885
2016 20.255 10.415 9.840
2017 20.185 10.366 9.819
2018 20.195 10.366 9.829