Trukerako web orria berritu dute

Guaixe 2019ko urt. 12a, 10:41
Berrerabilpenaren kultura sustatu nahi dute ere Itxipuru taldekoek bigarern eskuko azokein.

www.yonolotiro.es atariak berrerabilpena sustatu nahi du trukearen, oparien eta gauzen bizitza baliagarria luzatzeko bestelako moduen bidez.

Egungo kontsumo-ohiturek bultzatuta, oraindik ere bizitza baliagarria duten objektu asko baztertzen ditu gizarteak. Horrela, hondakinak sortzen dira. www.yonolotiro.es web orriaren bidez hondakin bihurtuko liratekeen objektu batzuen bizitza luzatzea lortu da. Norberarendako erabilgarriak ez diren objektuak web gune horren bidez, trukatu, oparitu edo saldu egin daitezke.

Horretan ari da Internet ataria 2011. urtetik eta kudeatzaileek kalkulatu dute, bataz beste, urtero 2.300 kilo hondakin murriztu dira. Objektu gehienak etxetresna elektrikoak eta elektronikoak (ordenagailuak, garbigailuak, hozkailuak…), altzariak, arropa eta oinetakoak, bizikletak eta haur-aulkiak eta kirol-artikuluak dira. Nafarroa guztiko jendearen eskaintzak daude web orrian eta norbera bizi den mankomunitatearen araberako filtroa du ere.

2017-2027 Nafarroako Hondakinen Planean jasotako ekintza eta neurrien zati da webgunea eta Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak kudeatzen du. Joan den urtean Nafarroan onartu zen hondakinei buruzko legean jasotzen denez, 2027rako hondakinen % 12 murriztu nahi da. Beste bi helburu dira tamaina handiko hondakinen % 8 eta etxe tresna elektrikoen % 2 berrerabiltzea. Horretaz arduratuko da Nafarroako Gobernuak Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa, hondakinen kudeaketaz arduratzen diren herrialdeko administrazio guztiak biltzen dituena.

Berrerabilpena Sakanan
Aipatu www.yonolotiro.es web orriaz aparte, etxean ditugun objektuen berrerabilpena sustatzen duten hainbat ekimen daude Sakanan. Ezagunena Sakanako Mankomunitatearen Hondakin bilketa Zerbitzuaren bidez eskaintzen dena da: etxean ditugun tamaina handiko gauzak dohainik jasotzen dituena (altzariak, koltxoiak, etxe tresna elektriko handiak, arropa…). Emausko Trapuketariak dira etxeetara horiek jasotzera joaten direnak. Baina, horretarako, Mank-en 948 464 867 telefono zenbakira hots egin edo www.sakana-mank.eus web orrian dagoen formularioa bete behar eta zehatz-mehatz esan behar da Emausko Trapuketarien zer eramatea nahi dugun. Abisua eman ondoren, Emausko Trapuketariak dira hots eginen dutenak, gauzak jasotzeko hitzordua lotzeko. Sakanara astelehenero, asteazkenero eta ostiralero etortzen dira. Emausko Trapuketariek 2017an Nafarroan 10.453.727 kilo bildu zituzten eta % 82 berriro erabiltzeko eta birziklatzeko prestatu zuten.

Berrerabilpena sustatzen duen beste ekimen bat Irurtzungo Itxipuru taldeak urtaro bakoitzean antolatzen dituen bigarren eskuko azokak dira. Edo Irurtzun mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Altsasuko udal ludotekaren bidez antolatzen diren jostailu trukeak. Edo Sakanako Birziklapen Laborategiak sustatutako Kafe Konpondu ekimena. Guztiak berrerabilpenaren kulturaren barruan daude.