Pentsio duinen aldeko aldarrikapenak ez du etenik

Guaixe 2019ko urt. 14a, 08:53
Pasa den astelehenean egindako bilkura bat.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioen erreforma bertan behera gelditu arte protestan segitzeko asmoa dute.

Bihar urtebete eginen du pentsio duinen eskaera kalera atera zutela hainbat pertsonek. Urte beteko mobilizazioen eta presioaren ondoren gaia alderdi politiko eta gobernu guztien agendan sartzea lortu dute. Bestelako lorpenak ere izan dituzte: pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearen arabera eguneratzea, aurreikusia zegoen jasangarritasun faktorea bertan behera gelditu da, alargunen pentsioak ez txikitzea eta 52 urte edo gehiagorekin langabe gelditzen direnak kontuan hartzea.

Hala ere, pentsio duinen aldeko mugimenduetako kideek argi dute lorpen horiek ez dituztela dituzten helburuetatik urrunduko. Horregatik, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea eskatzen segitzen dute. Horrekin batera, pentsio duinen aldeko mugimenduaren eskaeren artean daude: botiken ordainketa partekatua desagertzea eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera uztea.

Helburu horiek dituztelako pentsio duinen aldarrikapena kalera ateratzen segituko dutela jakinarazi dute mugimendutik. Hura osatzen duten plataformak bilera egitekoak dira aurrerantzean euren eskaerak nola egin zehazteko. Hauteskunde urtea izanik kaleko presentzia ez dute galdu nahi. Bitartean, Altsasun, astelehenero kontzentrazioak egiten segituko dute. 12:00etan, Sasoiak eta Nafarroako Pentsionistak Martxan taldeek deituta eta, 19:00etan, Otsailaren 22ko plataformak deituta. Gaur Zumalakarregi plazan izanen dira.