Presoen gaia mahai gainean jartzeko, kalera

Guaixe 2019ko urt. 11a, 11:18
Jendea hizketan manifestaziora deitzen duen kartelen atzean.

Orain Presoak dinamikak manifestazioak deitu ditu biharko, 17:00etan, Bilbon eta Baionan. Hego euskal herritarrak Bilbora joateko deia egin dute.

Bi tokitan eginen den manifestazio bakarra da biharkoa. Orain Presoak dinamikako ordezkariek haren aurkezpenean esan zutenez, “Baionan eta Bilbon batuko gara datorren astean, elkarbizitzan bizitzeko dugun nahia eta bakerako dugun desira oinarri, etorkizun hobe bati ateak zabaltzeko. Baina baita, espainiar eta frantziar estatuei oraindik bake justu eta iraunkor baterako baldintzak ez direla bete esateko ere, horretarako, espetxe politika honekin amaitzea behar beharrezkoa baita”.

Etxarri Aranazko Sareko kide Mikel Mundiñanok Beleixe Irratian (FM 107,3 eta www.guaixe.eus) gogorarazi duenez, “Orain Presoak dinamika anitz eta zabal bat da, Iparraldeko bakegileek sortutako dinamika batetik datorrena”. Bake artisauek eta hainbat pertsonak ETAren armagabetzea azken bururaino eramatea lortu zutela ere gogorarazi du. “Horren ondoren beste pauso batzuk eman behar zirela uste zuen gizarteak eta hor kokatzen da Orain Presoak dinamika. Uste delako, eta beharrezkoa delako presoen korapilo hori askatzea, elkarbizitzan aurrerapausoak emateko”. Iparraldeko eta Hegoaldeko dinamikak bat egin dute eta, beraz, Orain Presoak horretan oinarritzen da. “Presoen auzia konponbidean jartzeko gizarte zibila aktibatu behar dela ikusten dugu, eta espetxe politikaren aldaketa exijitzea beharrezkoa dela uste dugu”, esan du Mundiñanok.

Pausoak emateko
Sareko kideak gaineratu duenez, “gatazka honek urtetan sortu dituen zauriak itxi gabe daude. Ez bakarrik presoen auziarekin. Zauri gehiago itxi beharra daudela badakigu. Gatazkak sortu dituen zauriak ixteko badakigu elkarren arteko zubiak eraiki behar direla. Zentzu horretan, badakigu presoen auzia konpondu nahi badugu desberdinen artean elkartu behar garela”. Orain Presoak dinamika konponbidea bilatu, giza eskubideak bermatu eta urteetako garai eta sufrimenduak atzean uzteaz ari direla azaldu du. “Denok izan behar gara parte konponbide horretan”.

Igandetik aurrera “espetxe politikarekin bukatzeko kontsentsu zabal hori handitu behar dugu. Norabide horretan desberdinen arteko kontsentsuak edo aliantzak lortzen saiatu behar gara. Lortu behar duguna da gehiago izatea eta sentsibilitate desberdineko jende gehiago bildu behar dugu, benetan honi konponbidea eman nahi badiogu”. Pausoak “lehenbailehen” ematearen beharraz gaztigatu du Mundiñanok. Horretarako, “gizartea aktibo mantendu” behar dagoela azpimarratu du, horregatik, “gizartearen gehiengoak eskatzen ari den norabidean pausoak emateko” dinamika berriak izanen direla gaineratu du.

Sakanatik Bilborako bidea Sarek antolatutako hamar bat autobusek hartuko dute bidea. Aukera horrek antolakuntza errazten duela esan du sarekideak. Euren autoetan edo garraio publikoan joanen denik ere izanen da.

Txokolatea eta salda
Mirentxin Gidariak kolektiboko kide da Beñat Agirre eta Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, euren zeregina “frantziar eta espainiar estatuan euskal preso politikoek bizi duten dispertsio egoerak familia eta lagunei eragiten die eta hori pixka bat  arintzen laguntzen dugu. Astebururo kartzeletara furgonetak antolatzen ditugu, presoak bisitatzera doazen senideak eramateko”. Nafarroako furgoneta gidatzen 30 bat sakandar aritzen dira. Bidaiak bikoteka egiten dituzte eta bizpahiru hilabeteko bidaiak egiten dituzte denen artean. Urteko gainontzeko hilabeteetako txandak Nafarroako beste eskualdeetako kolektiboko kideek egiten dituzte. “Guri furgonetan egiten den bidaiarik luzeena tokatzen zaigu, Almeriara; 2.100 km-ko joan-etorria”. Agirrek esan duenez, bidaien esperientzia “alde batetik, oso polita, baina oso gogorra ere bada. Jendea eta jendearen bizipenak ezagutzeko aukera baduzu, nahiz eta bidaiaren zatik gehiena gauez egiten den”. Bidaia neguan gogorra egiten dela aitortu du.

Aurreko lauzpabost urteetan bezala, Bilboko manifestazioaren akaberan Bilboko Areatzako estalopetan Mirentxin Gidariak kolektiboko kideak izanen dira. Han txokolatea eta salda salduko dituzte, jendeak “berotasun pixka bat hartzeko”. Lortzen den dirua kolektiboaren gastuak ordaintzeko bideratzen dituzte: “furgoneta berriak erosi behar izaten dira, bizpahiru urtetan km pila dituztelako, ibilgailuei egin behar zaizkien azterketa eta hori guztia ordaintzeko”.


Etxarriar presoak
Unai Parot Navarro, Puerto de Santa Maria, Cadizko Puerto III espetxean dago, 1.050 km-ra. 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten. 28 urte eta 9 hilabete daramatza espetxean preso.

Asier Carrera Arenzana, Dueñasko espetxean dago, Palentzian, 300 km-ra. 2000ko azaroaren 9an atxilotu zuten, beraz, 18 urte eta 2 hilabete daramatza preso.

Luis Mariñelarena Garziandia, Curtisen, A Coruñako Teixeiron dago, 650 km-ra.
2001eko lastailaren 17an atxilotu zuten. 17 urte eta 3 hilabete preso daramatza.

Juan Ramon Karasatorre Aldaz, Castellongo Albocasserko Castello II kartzelan dago, 590 km-ra. 2001eko abenduaren 12an atxilotua, 17 urte eta 1 hilabete daramatza preso.

Juan Kruz Maiza Artola, Lannemezango espetxean dago, 330 km-ra. 2007ko garilaren 26an atxilotu zuten. 11 urte eta 6 hilabete daramatza preso.

Oihan Barandalla Goñi, Lannemezanen dute, 330 km-ra. 2007ko irailaren 1ean atxilotu zuten, 11 urte eta 4 hilabete daramatza preso.