Guaixek 20.000 irakurle ditu

Guaixe 2019ko urt. 11a, 09:03
Guaixe aleak errotatibako gurdi batean pilatuta. Artxiboa.

CIES etxeak egindako 2018ko Nafarroako hedabideen audientzia ikerketak ezagutarazi du datua.

Jakina da tokiko prentsak etxe askotara sarbidea duela eta, beraz, irismen handia duela. Hedabideen irismena ezagutzeko egiten dira hedabideen audientzia ikerketak. Nafarroa ederki ezagutzen du eta  prentsa, irrati eta telebista audientzien ikerketa egiten eskarmentu handia du CIES etxeak. Horregatik, Nafarroako audientziak ezagutzeko tresna fidagarriena da.

CIES etxeak joan den urtean egindako hedabideen audientzia ikerketan Guaixe astekariari astero 20.000 jarraitzaile zenbatu dizkio. Horien artean sakandarrak eta ibarretik kanpoko irakurleak daude. 20.000 irakurlerekin gure eskualdean, Mendialdean, erreferentea da Guaixe astekaria, hainbat egunkariren eta aldizkariren aurretik.

Nolakoa zara, irakurle
Ikerketaren arabera, Guaixe astekariko irakurleen % 55 emakumezkoa da eta gainontzeko % 45 gizonezkoa. Guaixeren irakurle gehien pilatzen duten adin tarteei dagokionez, 25 eta 34 eta 35 eta 44 urte artekoak dira, % 20arekin bakoitza. Hurrengo hiru adin tarte bakoitzean (45-54, 55-64 eta 64 urte baino gehiago) Guaixeren irakurle multzo handia dago, bakoitzean % 15. Gazteen artean du Guaixek irakurle kopuru txikiena, 14-19 eta 20-24 adin tarte bakoitzean % 5.

Irakurleek familian duten rolari dagokionez, Guaixeko irakurle gehienak, % 60, etxekoandreak dira.    Guaixe gehienbat Sakanan eta Nafarroako Mendialdean irakurtzen da, % 90. Iruñean eta Iruñerrian, berriz, % 5. Aurreko datua ikusita, jakina, Guaixek irakurle gehienak 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan du, % 70.  5.000 eta 10.000 biztanle artean dituzte Altsasuk eta Iruñerriko hainbat herrik eta horietan Guaixeren irakurleen % 25 daude. Sakanaz informatzeko Iruñean Guaixe irakurtzen dutenak, berriz, % 5 dira.

Hizkuntzaren ezagutza mailari dagokionez, Guaixeko irakurleen % 65 euskaraz hitz egin, irakurri eta idazteko gai da. Beste % 10 euskaraz hitz egin eta irakurtzeko gai da. Irakurleen % 5 euskaraz hizketatzen da. Gainera, irakurleen % 15ek aitortzen du euskara ulertzen duela. Azkenik, Guaixek baditu euskara ulertu ez arren hura irakurtzen duten irakurleak, %10. Horietako batzuk sareko itzultzaileak erabiltzen dituzte.