Konponketa, berrerabiltzeko era zabaltzen

Guaixe 2019ko urt. 14a, 19:22

Kafe Konpondu saioak eginen dira asteazkenean Arbizuko udaletxean eta ostegunean Izurdiagako elkartean, 18:00etatik 20:00etara. Edozein sakandarrek parte hartu dezake.

Etxean hautsiak ditugun gauzak bota eta hondakinak sortu beharrean, haiek konpondu eta bigarren bizitza bat emateko aukera ematen du Kafe Konpondu ekimenak. Sakanako Mankomunitateko Hondakinen bilketako Zerbitzuak hondakinen kopurua txikitu nahi du, horretarako hautsitako objektuen konponketa eta haien berrerabilpena sustatu nahi ditu. Eta askotan konponketa txiki bat nahikoa izaten da. Horiek egiten jakitea da kontua.

Mank-en eskutik Batuta elkarteak, Sakanako birziklatze laborategiak, Kafe Konpondu ekimena ibarrean barna zabaltzen ari da. Sakandarrek euren hautsitako objektuak jarritako hitzordura eraman eta Batutako kideek edo hara borondatez hurbildu den edozein pertsona trebek objektuari konponbidea ematen saiatuko dira, guztia kafe goxoa dastatzeko aukerarekin batera. Etxeko objektuak konpontzeko bost saio egin ziren abenduan Irurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Iturmendin eta Urdiainen. Mank-ek aste honetarako beste bi Kafe Konpondu data jakinarazi dizkigu: asteazkenean Arbizuko udaletxean, liburutegi ondoko gelan, eta ostegunean, Izurdiagako elkartean. Bi hitzorduak 18:00etatik 20:00etara izanen dira. Edozein sakandarrek parte hartu dezake haietan.

Argazkiak: Sakanako Mankomunitatea.