Binakakoa: Soilik Martijak lortu du puntua

Maider Betelu Ganboa 2019ko urt. 14a, 12:30
Argazkia: Diario Vasco.

Altuna III.ak eta Martijak 15 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Galarza larunbatean Labriten, eta atzo Zumaian jokatutako partidan garaipenen ibilbidea eten zuten Irribarriak eta Zabaletak, Elezkanok eta Rezustak 22 eta 19 irabazi baitzieten

Binakako Pilota Txapelketatan dabiltzan pilotari sakandarrendako soilik Martijarendako izan zen ona asteburuko jardunaldia. Zortzigarren jardunaldia zen jokatu zena, tartean pilotari sakandarren arteko lehia ekarri zuena. Izan ere, larunbatean Ezkurdia eta Galarza Altuna III.aren eta Martijaren kontra aritu ziren.

Bi bikoak bina puntu zituzten eta, hortaz, hirugarrena lortzea zen bien bai hala baiko helburua, txapelketan aurrera egiteko aukeraren bat izateko. Eta biziraute horretan hobeto moldatu ziren Altuna III.a eta Martija, Ezkurdiak eta Galarzak egindako akatsengatik batez ere. Horren erakusgarria da partida hasiera: 7 eta 9 aurreratu ziren Ezkurdia eta Galarza, baina Altunaren eta Martijaren 7 tanto horietatik bakarra izan zen eurek lortutakoa, Altunak sakez egindako bat, gainontzeko guztiak Ezkurdiaren eta Galarzaren akatsak izan baitziren. Hori izan zen Ezkurdiaren eta Galarzaren madarikazioa: piloteoan eurek agintzen zuten, baina nagusitasun hori ez zuten markagailura eraman. Merituzko tantoak akatsekin tartekatu zituen arbizuarrak, eta Galarza ere ez zen oso fin ibili. Nolanahi ere, 8 eta 11 aurreratu ziren Ezkurdia eta Galarza, baina Ladisen akats baten ondoren Jokin Altunak berreskuratu zuen sakea eta hortik aurrera jokaldi guztiak ongi atera zitzaizkion Amezketakoari eta 18 eta 11 aurreratu ziren Altuna eta Martija. Joseba Ezkurdiak pilota ugari kendu zizkion Ladis Galarzari, eta nekea pilatzen hasi zitzaion arbizuarrari. Postura oso zailetan ia ezinezko pilotak bueltatzen saiatu zen. Aldiz, Altunak eta Martijak lan bikaina egin zuten defentsan eta abantaila garrantzitsua lortzeko gai izan ziren, 22 eta 15. Hirugarren puntua lortuta, oraindik bizirik daude, baina txapelketako aukerak zapuztu zaizkie, aldiz, Ezkurdiari eta Galarzari.

Atzo, Zumaian, Irribarriak eta Zabaletak Elezkano II.a eta Rezusta izan zituzten arerio. Bi bikoek bosna puntu zituzten eta seigarrena lortzeko borroka oso estua espero zen sarrera oso ona izan zuen Zumaiako frontoian. Hasieran Irribarriak eta Zabaletak hartu zuten aurrea, Aramakoak erakutsitako indarrari eta erremate azkarrei esker. 1 eta 5 eta 3 eta 9 aurreratu ziren Irribarria eta Zabaleta. Atzeko koadroetan ere, ongi aritu zen Zabaleta. Orduan, pausu bat aurrera egin zuen Danel Elezkanok. Bizkaitarrak agintea hartu zuen, Rezustari lana arindu zion eta, gutxika, 12ra berdintzea lortu zuten Elezkano II.ak eta Rezustak. Oso modu inteligentean jokatu zuen bizkaitarrak, eta bere esanetara dantzatu behar izan zuten gainontzekoek. Horrela, 15 eta 12 eta 21 eta 16 aurreratu ziren bizkaitarra eta gipuzkoarra. Irribarriak eta Zabaletak ez zuten partida galdutzat eman, 21 eta 19 gerturatu ziren, baina Irribarriaren gantxo bat txapa azpira joan zen eta hurrengo tantoa Elezkanoren eta Rezustaren aldera erori zen.

Sailkapena
Binakako sailkapenari dagokionez, Elezkano II.a eta Rezusta dira liderrak, 6 punturekin. 6 puntu dituzte ere Olaizola II.ak eta Albisuk. Irribarria-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrena II.ak bosna puntu dituzte, Altuna III.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Imazek hiruna puntu, eta, azkenik, Ezkurdia-Ladis Galarzak eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak bina puntu.

9. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Binakako Txapelketako 9. jardunaldia jokatuko da. Ezkurdiak eta Galarzak Urrutikoetxea eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari ostiralean Mungian. Bi bikoek bina puntu dituzte eta hil hala biziko partida dute aurretik. Altuna III.ari eta Martijari hirugarren puntua lortzeak airea eman die eta larunbatean Olaizola II.aren eta Albisuren kontra animo gehiagorekin arituko dira. Eta Irribarriak eta Zabaletak igandeko Zumaiako arantza Eibarren atera nahiko dute, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontrako partidan.

Binakakoa. 9. jardunaldia
Ostiralean: Urrutikoetxea-Aretxabaleta / Ezkurdia-Galarza (Mungian. ETB1)
Larunbatean: Altuna III.a-Martija / Olaizola II.a-Albisu (Bilbon)
Larunbatean: Elezkano II.a-Rezusta / Artola-Mariezkurrena II.a (Labrit)
Igandean: Bengoetxea VI.a-Imaz / Irribarria-Zabaleta (Eibar. ETB1)