Bilbon euskal presoen eskubideen alde

Guaixe 2019ko urt. 14a, 13:01
Manifestariak Bilboko Autonomia kalean. Argazkia: @uriolaeus

Makina bat sakandarrek bat egin zuten Orain Presoak dinamikak Bilbon deitutako manifestazioarekin. Haren akaberan dinamikaren bozeramaileek Pedro Sanchez presidenteari emandako hitza bete eta salbuespeneko espetxe politikari lehenbailehen akabera emateko eskatu zioten. “Presoen korapiloa askatzeko” garaia dela jakinarazi zuten. Gaztigatu zuten “hauteskunde urteak espetxe politika gizarteratzeko balizko erabakiak arriskuan” jar ditzaketela.

Eledunek gaineratu zutenez, euskal gizarteak urteak daramatza “auzolanean elkarbizitza eta bakea eraikitzen”. Bilboko eta Baionako larunbateko manifestazioak ahalegin horren segida direla gaineratu zuten: “gizarteak etorkizunari begira jartzeko eta sufrimendua bukatzeko beharra duela erakutsi du”. Agintariak mugitzeko gizarteak presioa egiten segitu behar duela gaineratu zuen. Ekitaldiaren akaberan Kataluniako presoez eta “konspirazio neofrankista makabro horrek kondenatu dituen” Altsasuko auzipetuez gogoratu ziren eta eta “elkartasuna” adierazi zieten, manifestariek txaloz erantzun zutena.