Musikari prodijiotsuak

Ricardo Areta Urrestaratzu 2019ko urt. 18a, 08:25

Jaialdiak antolatzen dituen inork ez lituzke Stevie Wonder, Mike Oldfield, Bjórk eta Joe Bonamassa kartel berean elkartuko, lehen begiradan elkarren artean zerikusirik ez baitute. Baina konpartitzen duten zerbait bada: guztiak haur prodijioak izan ziren eta gainera ibilbide musikal luze eta garrantzitsua mantentzeko gai izan dira.
Stevie Wonder, guztietan haurtzaro oparoena izan zuena da. Adinez nagusia izan baino lehen 9 disko grabatu zituen. Lehena 12 urterekin, “Little Stevie” bezala ezagutzen dena. Bere hastapenak Motown-eko Jazz eta Soul soinuetan oinarritu ziren arren, 70. hamarkadan lehen sintetizadoreen soinuekin esperimentatzen hasi zen eta ondoren Prince edo Michael Jacksonek jarraitu dituzten estiloen garapena izanen denaren ibilbidea markatu zuen.
Mike Oldfieldek gitarrarako kanta instrumentalak konposatzen zituen 10 urterekin. Baina 15 urte zituenean grabatu zuen bere lehen diskoa bere arrebarekin batera. Proiektu honek urte bat iraun zuen. Ondoren Mikek musika munduan saiatzen jarraitzu zuen, hainbat taldeetan instrumentista, bere bakarkako lehen lanari forma ematen zihoan bitartean. “Tubular Bells” lanak 1973an ikusi zuen argia eta diskoan entzun daitezkeen musika tresnetatik 20 berak bertan grabatu zituen. Garai hartan diskoetxe komertzialek ezarritako moldeekin hautsi zuen, rock soinuak eta konposizio sinfonikoa uztartuz eta bere gainerako diskografiaren nortasun ezaugarria izanen den berezko estiloa sortu zuen.
Bjórk abeslari, konpositore, aktore, produktore eta idazle islandiarrak, 12 urterekin sinatu zuen bere lehen diskoa. Hainbat taldeetako kide izan zen arren, hasieratik bakarkako ibilbidea bilatzen zuen. Musika mota askorekin esperimentatu du, guztietan bikain aritu da eta guztiekin kritikaren txaloaldia jaso du. Bere lanetako bat aukeratu beharko banu, interpretazioa eta musika uztartzen dituen Lars Von Trier zuzendari eztabaidatuaren “Dancer in the dark” pelikula izanen zen, zalantzarik gabe.
Joe Bonamassa, 7 urterekin gitarra jotzen birtuoso bat zen eta 12 urterekin B.B.King-ekin eszenatokia konpartitzen zuen. Egun gitarraren erreferente nagusienetako bat da eta Bluesaren kondaira bizia. Bere lehen lan diskografikotik, 1994ean, 20 disko baino gehiago pilatu ditu. Grabazio lanetan ez dagoenean oholtza gainean dago, eta hau zorionez, gauza ona da guretzat, ohikoa baita Euskal Herriko eszenatokietan ikusteko aukera izatea.