Sakandarrak ongi Espainiako Ziklokros Txapelketan

Guaixe 2019ko urt. 16a, 12:49

Nafarroako selekzioko 7 kideetatik 6 sakandarrak ziren: Jon Chamorro, Aimar Tadeo, Oihan Etxeberria eta Mikel Uncilla, kadeteetan, eta Igor Arrieta eta Iker Mintegi juniorretan

Asteburuan Espainiako Ziklokros Txapelketak jokatu dira Pontevedran. Nafarroako selekzioak kadete eta junior mailetako 7 txirrindulariz osatutako taldea osatu zuen, eta 7 kide horietatik 6 sakandarrak ziren: Jon Chamorro (Burunda), Aimar Tadeo (Aralar), Oihan Etxeberria (Burunda) eta Mikel Uncilla (Burunda) kadete mailan, eta Igor Arrieta (Aralar) eta Iker Mintegi (Burunda) junior mailan. Haiekin batera Tafalles taldeko Adrian Losarcos aritu zen junior mailan.

Larunbatean kadeteak lehiatu ziren. 3,4 km-ko ibilbide ederrari 4 itzuli eman behar zioten. Nafarroako txirrindulariak oso atzetik atera ziren parrilan, baina laurek proba despeditzea lortu zuten eta ziklokrosean aurrera pausua egitea. Madrilgo selekzioko Ruben Sanchez gailendu zen (32:33), Jon Chamorro 48.a sailkatu zen (37:07), Aimar Tadeo 49.a (37:23), Oihan Etxeberria 54.a (38:13) eta Mikel Uncilla 60.a (38:49).

Igandean, aldiz, juniorren txanda izan zen. Ibilbideari 5 itzuli eman behar zizkioten, eta erritmo bizian burutu zen lasterketa, nahiz eta lurzorua trinko eta gogorra egon, tarteka izoztua. Carlos Canal galiziarrak irabazi zuen proba (38:07), Kantabriako Gonzalo Iguanzoren (39:12) aurretik. Hirugarren posturako borroka latza izan zen, eta esprint estuaren ondoren Igor Arrieta uhartearra laugarrena izan zen (39:20). Podiuma zapatzear geratu zen uhartearra. Adrian Losarcos 18.a (42:00) eta Iker Mintegi 30.a (43:14) sailkatu ziren. Aipatu txirrindulariak junior mailan estreinatzen direnez, lortutako emaitza ona da.