Otsailaren 9tik martxoaren 23ra jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Aurretik, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda ixteko aurrekanporaketak eginen dituzte. Gaur eta bihar izanen dira saioak Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegian eta Irunberriko Gizarte Etxean. Idoia Granizo eta Saats Karasatorre ariko dira txapelketan parte hartzeko txartela lortzen.
Historiako 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketa izanen da aurtengoa. 30 bertsolarik eman dute izena, baina 24 izanen dira finalaurdenetako fasean. Hortaz, gaur eta bihar jokatuko diren aurrekanporaketetan zehaztuko dira azken parte hartzaileak. Finalaurdenak otsailaren 9an abiatuko dira, eta martxoaren 23an izanen da finala.
Idoia Granizo gaur, ilbeltzaren 18an, arituko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehenengo aurrekanporaketan. Lehen aldiz parte hartzen duten sei bertsolarien aurrekanporaketa jokatuko da gaur. Hortaz, Granizoren lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa izanen da. Aurrekanporaketa gaur izanen da, ilbeltzaren 18, ostirala, 19:30ean, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegian.
Bihar, ilbeltzaren 19a, larunbata, 19:30ean, azken txapelketako azken sei sailkatuen aurrekanporaketa izanen da. Saats Karasatorrek parte hartuko du biharko aurrekanporaketan, izan ere, 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan 25. sailkatu zen. Karasatorre Mariano Izeta sariketaren txapela jantzi zuen. Aurrekanporaketan parte parte hartuko duten hamabi bertsolarietatik, sei eginen dute aurrera.
Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saio Mitxelena izanen dira aurrekanporaketetako epaileak. Bertsolariek honako lanak egin beharko dituzte: Binaka zortziko handian hiru bertso osatu; binaka zortziko txikian hiruna bertso osatu; binaka hamarreko txikian hiruna bertso osatu; kartzelako lana zortziko txikian bi punturi erantzun, eta gaia emanda, bakarka, bi bertso.
Aurrekanporaketak
Gaur, ilbeltzaren 18, ostirala. 19:30ean, Txantreako Auzotegin
Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu)
Joana Ziganda Olano (Oskotz)
Diego Riaño Barroso (Leitza)
Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz)
Sahats Aleman Sabada (Iruñea)
Mintxo Astiz Goñi (Barañain)
Bihar, ilbeltzaren 19, larunbata. 19:30ean, Iruberriko Gizarte Etxea
Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz)
Xabat Illarregi Marzol (Leitza)
Endika Legarra Nuin (Iruñea)
Oskar Sanz de Acebo Pollan (Iruñea)
Ander Baiano Saralegi (Barañain)
Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren)