20 sakandar inguru Euskal Herriko Emono Dan Tai Sen Topaketetara

Guaixe 2019ko urt. 17a, 15:23

Igandean izanen da Topaketa, Baionan, eta Etxarri Aranazko eta Altsasuko Txuixoo eskoletatik 20 neska-mutikok hartuko dute parte txiki eta helduendako taldekako armen borroketan

Amets Euskal Herriko yoseikan budo taldeak Euskal Herriko II. Emono Dan Tai Sen Topaketak antolatu ditu igandean, ilbeltzaren 20an, Baionako Jean Fontan Kiroldegian, goizeko 10:00etatik aurrera. Txiki eta helduendako taldekako armen borrokak izanen dira Euskal Herriko Emono Dan Tai Sen Topaketetan jokatuko direnak. Bertan, Amets yoseikan budo taldeko kide diren Euskal Herriko klubek hartuko dute parte, tartean Etxarri Aranazko eta Altsasuko Txuixoo taldeak.

Aritz Agirrebengoa yoseikan budo irakasleak adierazi digunez, Sakanako bi eskoletatik 20ren bat borrokalarik hartuko dute parte igandeko Baionako Topaketan. Sakandarrekin batera, Hego Euskal Herriko Erandioko, Atarrabiako eta Berriozarko eskolek, eta Iparraldeko Urruña, Baiona, Bidaxune, Kanbo, Izturitze, Pagola, Atharatze eta Mauleko eskolako kideek hartuko dute parte, guztiak Amets taldeko klubak.

Emono Dan Tai Sen edo “Makilak Taldeka” jardunaldian, 3 borrokalariz osatutako bi talde 3 minutuz lehiatuko dira. Helburua, finean, makilekin 15 ukitze egitea da (21 puntu finalean).
Informazio gehiago www.yoseikanbudo.eus web gunean topa daiteke. Eta youtubeko ondoko loturan aurreko urteko Emono Dan Tai Sen Topaketako jardunaldia ikusi daiteke (Euskal Herriko Emono Dan Tai Sen 2018): https://www.youtube.com/watch?v=xHwJailjsuE&feature=youtu.be&fbclid=IwAR2euoYe0qLH_UTY716qfC-BJWR5KbpL7RuDPJwLPlqZcoGSTE6Oa5l0Xw4.