Aurrekoan, bilera batean, ogibidez, lanbidez eta jardutez fauna ezberdinetako kideak egin genuen topo, Euskal Herriko aferak gure osasun mentalean izan duen eta daukan eraginari irtenbide ezberdinak bilatzen ahalegindu nahian.
Abokatu eta preso ohi baten ahotik entzundako esaldi motz batek egundoko atentzioa eman zidan. “Jendartean eta zenbait kolektibotan nagusitzen diren tasunak eta keriak” aipatu zituen. Esaldi horrekin, legegintzan aritua eta aditua den batek, psikologiaren gakoetako bat mahai gainean jarri zuen.
Bilduta geundenok, -keriak eta -tasunak jotako jendartea ondotxo ezagutzen dugu eta horiek ulertu nahian makina bat buruhauste izaten dugu. Eta hortxe ibiltzen gara psikologoak biak ala biak ulertu nahian, filia eta fobien bila ibiltzen garen moduan. Jendarte-fauna ulertzeko ezinbesteko ariketa da hori.
Bata zein bestea atzizkiak direla jabetu bezain pronto, -tasun eta- keriarekin erabiltzen ditugun hitzen bila jo nuen. Honatx aurkitu dudan zerrenda: berdintasuna, laguntasuna, adiskidetasuna, maitasuna, abiltasuna, alaitasuna, elkartasuna, aniztasuna, gizonkeria, harrokeria, handikeria, faltsukeria, zorakeria, arrazakeria, indarkeria, ezkutukeria, bidegabekeria, agintekeria, bereizkeria, ustelkeria, koldarkeria eta abar. Irakurtzen ari bazara, segur aski, beste horrenbeste edo gehiago bururatuko zaizkizu.
Dena den, hitz samalda hori ez naiz gramatikoki aztertzen hasiko; adjektiboak, izenak, plurala, singularra edo dena delakoak bereizten, hobe baita jostuna jostera eta okina labera joatea. Dakidan bakarra da, gure baitan ditugun tasunak eta keriak direla horiek guztiak, psikologiatik begiratzeko modukoak. Horrela, lehenengoari (tasun), karga positiboa egozten diogu eta bigarrenari (keria), negatiboa. Argi ilun honetan dantzatzen dugu egunero guzti-guztiok, batzuetan leian eta zalapartaka, besteetan, ez horrenbeste. Gure baitan dauden horiek identifikatzea da zailena, besteen buruan ikustea errazagoa da. Eta hortaz hain zuzen, Euskal Herrian legegintzan dabiltzanek (goian aipatutako abokatuak kasu) ederto dakite, eguneroko ogia baita beraientzat.