Maiz galdetzen digute ea nola dagoen Abiadura Handiko Trenaren kontua (AHT aurrerantzean), eta erantzuna konplexua izaten da…
Kontuan hartzekoa da horrelako proiektuak urteetan zehar garatzen direla. Horrela izan da, esaterako, Arakilgo arau subsidiarioekin eta Izurdiagako tren iraganbidearekin, edo berrikiago Arbizuko konpostatze gunearekin, geldirik egon baitira denbora luzean. Horien gainean eragina zuen era batera edo bestera ibarreko eremu garrantzitsuetara txikizioa ekar dezakeen proiektu batek.
Garai honetarako, Iñigo de la Serna aurreko Sustapenerako ministro popularrak iragarri zuenez, Estatuko Gobernuak adierazi beharko luke zein izanen den AHTk Sakanan izanen duen ibilbidea, ibarra zeharkatuz Gasteizen amaitzen dena, ala Ezkion amaitzeko Bakaikuren parean Aralar zulatzen duena.
Hala ere, José Luis Ábalos egungo ministro sozialistak, astiroago, Euskadiko eta Nafarroako gobernuekin trazadura adostu nahi duela dio, eta zehaztu du orain arte egindakoa berrikusi behar dela eta tren publiko eta soziala garatu. Alabaina, aurretik Nafarroan egiten ari diren AHTren lanek martxan darraite eta beste berri batzuk abiarazi dituzte, orain Nafarroako Erdialdean egiten ari direnak bezalakoak (Azkoien, Erriberri, Tafalla), edo berrikiago Iruñeko buklea kentzeko esleitutako ikerketa.
Horrela bada, egoera honen aurrean, larrialdiko kontua da AHTren gaia eztabaida politikoaren ardatzean jartzea, xahuketa eta herritarrei egindako iruzur edo estafa erraldoia baita. Halaber, jada! egungo trenaren garapena aldarrikatzea, horixe baita pertsonen eta merkantzien garraioari egokien erantzuten diena. Horretarako ari gara borrokan, eta Sakana Trenaren Alde plataformatik oroitarazi nahi dugu hilabete hauetarako ekintzak prestatzen ari garela, beste talde batzuekin elkarlanean. Horrela, Tafallan elkarretaratze bat eginen da otsailaren 16an, larunbatean (Nafarroa mailako deialdia), eta ziurrenik Sakanan beste mobilizazio bat martxoaren 30ean. Zeu ere, AHTren aurka eta tren sozialaren alde mugitu zaitez!!!