Euskal Herri osoan barna mugimendua zabaltzen ari zen eta haren aditzera Etxarri Aranatzera ere iritsi zen. Ikastola. Gainera, Nafarroako orduko Diputazioan euskararen aldeko jarrera zegoen. 1969a zen eta dozena bat ikaslerekin Etxarri Aranazko eskola zaharretan abiatu zen Andra Mari ikastola. Aurten, beraz, 50. urteurrena ospatuko du.
Ikastolatik jakinarazi dutenez, aurten mende erdiko ibilbidea “egoki ospatzeko, hamaika jarduera iragarri ditugu: batetik, logo eta lelo berriak mustuko ditu, Ekin eta segi lelopean gauzatuko baitira aurten aurrera eramanen ditugun hainbat ekinbide”. Azken horietako batzuk aurreratu dituzte: herri bazkari erraldoia, kontzertuak, zuhaitz landaketa, arropa berria, Beietz taldeak urteurrenerako konpasatutako abestia, omenaldiak, ikastolaren festa berezia, hitzaldi zikloa… Dagoeneko iragarri dute hitzaldi bat hilaren 24rako, osteguna. Arrasateko Arizmendi ikastolako berrikuntza pedagogikoen arduradun eta konfiantzaren pedagogian aditua den Amaia Anterok hitzaldia emango du, 18:30ean Andra Mari ikastolako HH eta LHko eraikinean.