Sakanako Garapen Agentziak (SGA) 2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) berrikusteko prozesua abiatu zuen azaro akaberan. Orain arte egindakoak eta lortutakoak aztertu, behar berriak identifikatu eta 2020ra bitartean nola hobetu, hori da SGAk lortu nahi duena martxan duen prozesu horrekin. Sakandarren iritziak jasotzeko abenduan Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun jardunaldi irekiak egin zituzten. Horiek hainbat sakandarri eta elkarteetako ordezkariei egindako elkarrizketekin osatzen ari dira.
SGAko kideek hasieratik jakinarazi zuten Nafarroako Parlamentuan dauden taldeekin biltzeko asmoa. Dagoeneko UPNrekin eta PSNrekin bildu dira eta gainontzekoekin elkartzeko datak lotzen ari dira. Nafarroako Gobernuarekin ere bildu nahiko lukete. Udal ordezkariekin ere elkartu nahi zuten, baina legegintzaldi bukaera denez, hauteskundeak pasa ondoren udal berrietako kideekin udan elkartzea erabaki dute. Aldi berean, Bakaikun herriko etorkizuna irudikatzeko egindako prozesuen modukoen garrantzia nabarmendu dute.