Inasa zena industrialde bihurtzera

Inasatik industrialde bat

Guaixe 2019ko urt. 19a, 12:19

Bi urte eta erdiko lanen ondoren hutsik zeuden pabiloiak izatetik ekonomia jarduera duen industrialde bat izatera pasa da Inasa zena. Egun % 72ko okupazioa du. Zazpi enpresa daude, 240 langilerekin eta 140 milioi euroko fakturazioa dute urtero.

Arakil eta Irurtzungo alkateak, Lakuntzako eta Olatzagutiko alkateak, Sakanako Mankomunitateko presidentea, Goazen Altsasuko zinegotzi bat eta Sakanako Garapen Agentziako bi teknikarik. Ordezkaritza horrek harrera egin zion asteartean Nafarroako Gobernuarenari. Tartean zen Ekonomia Garapenerako lehendakariorde Manu Aierdi, eta beste hainbat. Irurtzun mendebaldean sortu den industrialdea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten guztiek.

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez, duela bi urte erosi zuen lursaila, Irurtzungo eta Arakilgo Udalen eskariz. Zazpi milioi euro inbertitu ditu Inasa zena berrurbanizatzeko. 2,5 milioi euro zorua erosteko erabili ziren eta gainerako ia 5 milioiak urbanizazioa eta azpiegiturak egiteko: 2,2 milioi lanetarako, 700.000 euro elektrifikaziorako eta beste 600.000 euro zoruen deskontaminaziorako, besteak beste. Egun, bideratzeko zain dago industrialdeko azken egokitze-lanetarako 1,4 milioi euro jarri dira. Nasuvinsak egindako inbertsioa salmentekin berdindu du, hala, hirigintza-eragiketa finantza oreka barruan egin da. Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak, Nasuvinsako zuzendari kudeatzailea, aurreratu zuen bizpahiru hilabetetan urbanizazio lan guztiak despedituko dituztela.

Industrialde berria bi udalerritan banatuta dago. Irurtzungo zatia (100.000 metro karratu) esan bezala, lanak aurreratuta daude. Eta autobiaren ondoan dauden Arakilgo zatiaz (45.000 metro karratu) galdetuta, Nasuvinsako buruak aurreratu zigun heldu den astean partzelak zelaitzen hasiko direla. “Aurretik kutsadura kentzeko lanak egin ditugu. Urte bat daramagu horretan. 600.000 euro pasa gastatuko ditugu kutsadura hori kentzen. Gutxi gorabehera, bi hilabete barru garbi geldituko da”. Aierdik aitortu zuenez, lursail horiez galdezka “oraindik ez” da enpresarik joan, “baina batzuk hor kokatzeko baldintzez galdetzen ari dira”.

Nasuvinsak industria birsorkuntzarako jarduera bat egiten duen estreinako aldia da Irurtzungoa: erosi, berrantolatzeko berriro urbanizatu, birgaitzeko zoruetako kutsadura kendu, zuen narriadura-egoerari aurre egiteko azpiegituren zatikako berrerabilpena eta eskualdearendako garapen-bideko ekonomia esparrua, industrialdea, sortzea.

Lehendakariordea
Irurtzungo proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen Aierdik: “jarduketa paradigmatikoa da”. Gaineratu zuenez, “etorkizunera begira espektatiba onekin gaude. Faltatzen diren partzela txiki horiek, nik uste, datorren hilabeteetan ziurrenik bete eginen dira”. Lehendakariordeak azpimarratu zuenez, “halako helburuak daudenean, nola lerrokatzen diren udalak (Arakil eta Irurtzun), Sakana eta Nafarroako Gobernuko hainbat erakundeak (Nasuvinsa, Sodena, Nafar Lansare…). Denak batera jartzen garenean fruituak jasotzen dira. Hemen daude”.

Gobernuko kidea industrialde berean 2016ko azaroaren 11n izan zen eta orduan esan zuen ibarrean industria-lurrik ez zegoela. Horretaz galdetuta, Aierdik “hemen sortu dugu” erantzun zigun, gaineratuz: “Sakanan beste lekutan lanean ari gara eta garaia denean aurkeztuko dugu. Altsasun gauza bat saiatzen eta bultzatzen ari gara. Nafarroako Gobernuaren helburua hori da: industria lur faltarik ez egotea. Horrek inbertsioa esan nahi du eta hori batzuetan, kostatzen da lortzea. Dirua bukatzen da eta beti aukeratu behar duzu”.

Zazpi enpresa  
Aierdi lehendakari ordeak esan zuenez, “hirigintza-jarduketa horrek enpresa berrien ezarpena erraztu du, krisialdian langabeziak gogor zigortu duen eskualdean. Industrialdea ibarreko ekonomiaren “erreferentzia” izan dela esan zuen. Aitor Larraza Carrerak, Irurtzungo alkateak, esan zuenez, “urbanizazio guztia egin da, enpresa berriak sartu dira, aktibitatea dago eta hori oso garrantzitsua da eskualdearendako”.

Larrazak nabarmendu zuenez, “hartutako erabakiagatik hemengo hiru enpresa garrantzitsuk arnasa hartu dute: Hydrok, Manfisak eta Sapremek. Euren jarduna aurrera eramateko eta euren baldintzak hobetzeko balio izan du industrialdeak”. Bi enpresa berri kokatu dira industrialdean: Puertas Dile (50 langile), dagoeneko lanean ari dena eta Embalajes Breton lantegia eraikitzen ari dena. Transportes Plazaola eta Construcciones Apezetxea enpresek bertan finkatzeko konpromisoa gauzatu dute. Bi enpresari ere industrialdean lurra eskaini zaiela jakinarazi zuen alkateak.

Larrazak galdera egin zuen: “UPNk 2014an zergatik ez zuen hau egin? Bai Irurtzun, bai Sakana degradatutako eskualde bihurtu nahi izan zuen”. Inasa enpresaren lurrak industrialde bihurtzeko erabakia “eskualdearendako ona” izan dela berretsi du Irurtzungo alkateak, “orain aukera zabalak daude”. Bestalde, Arakilgo alkate Patxi Uharte Garrok esan zigun eurek Nasuvinsarekin Irurtzungo Udalak baino bilera gutxiago egin dituztela. “Horregatik, informazio gutxiago dugu”. Badakite Arakilgo 45.000 metro karratuko zatian kutsatutako lurrak garbitzeko lanak egiten ari direla eta Saprem enpresaren handitzeak Irurtzungo zati txiki bat eta Arakilgo handiago bat hartuko duela, baina gutxi gehiago. Uhartek azaldu digunez, asteartean elkartuko dira Nasuvinsako buruarekin eta orduan jakinen dute noiz eta nola urbanizatuko duten. Urbanizazioaren kostuaren %10eko zerga diru sarrera izanen da Arakilgo Udalarendako.

Digitalizaziorako espazioa
Inasako bulego eraikin nagusia Irurtzungo Udalarena da, urbanizazioaren % 10 jasotzeari uko egin eta gero. Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) batera ibarreko enpresek digitalizazio arloan dituzten beharrak lantzeko espazio bat hartuko du, Sakanako Digitalizazio Estrategian toki esanguratsua hartuko duena. Larrazak gogoratu duenez, SGAk “20 enpresekin egindako ikerketa baten ondoren, enpresetatik ateratako beharrak espazio honetara bideratu nahi ditugu”.  

Lehen solairuan izanen da, 500 metro karratuko azaleran. Irurtzungo Udalak eta Nasuvinsak, erdibana, solairua txukunduko dute. Udalaren zatian, dagoeneko, hasi dira ikerketara eta garapenera bideratutako gelak prestatzeko lanak. “Apirilerako bukatuko dira lanak. Eta enpresek eskaerekin bete behar dugu proiektu hori”. Eta hori egiteko alkateak argi du “ate guztiak jo behar dira. Nafar Lansarerekin, Nasuvinsarekin eta Ekonomia eta Enpresa Politika eta Lan arloko zuzendari nagusi Izaskun Goñirekin lanean ari gara proiektua gauzatzen”. Beste zatian prestakuntza eta erabilera anitzeko gelak eginen dira. Nasuvinsako zuzendari-kudeatzaileak berretsi zuen hori eta enpresa mintegi bat sortzeko lanean ari direla gaineratu zuen.

Bestetik, Sakanan digitalizazio proiektua “polita” dela esan zuen lehendakariordeak. “Digitalizazioa oso erronka garrantzitsua da. Nafarroan nahiko enpresa bide horretan daude. Handienak, traktoreak direnak. Txikiak edo ertainak bide horretan lagundu behar ditugu”. Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ondoan, digitalizazioa, adimen artifiziala eta bioteknologia esparruak bultzatzeko zentroa egin asmo dutela gogorarazi zuen Aierdik. Hala ere, “Sakanakoa, edo beste lekuetan sortzen diren ekimen txikiak izpiritu onarekin aztertuko ditugu, jakina”.

Irurtzun eta hirigintza
Nafarroako Gobernuaren jabetza dira Trinitate kalearen goiko aldean dauden bi bulego (basozainak eta abeltzaintzari lotutakoa) ditu. Horietaz galdetuta, Nasuvinsako buruak esan zigun Irurtzungo Udalarekin hizketan ari direla: “prest gaude basozainak industrialdean kokatzeko. Aukerak aztertzen ari gara. Sarrerako eraikinean edo beste partzela batean. Sarrerakoan nahi dugu udalak eta guk. Basozainen bulegoa hona ekarriko dugu, ziur”. Aipatu bulegoen parean kamineroen etxeak eta inguruko zelaia (7.000 metro karratu inguru) daude. Aierdik jakinarazi zuenez, “udalak urbanizatu etxebizitzak eraiki nahi lituzke. Aztertzen ari gara Irurtzunen zein eskaera dagoen, alokatzeko edo saltzeko liratekeen… Ikusiko dugu zein aukera ditugun”. Eta, gaineratu zuenez, “gu prest gaude kamineroendako ere partzela bat prestatzea industrialde honetan. Eskaera balego, Irurtzungo Udalaren eta Nasuvinsaren arteko hitzarmen batekin aurrera eramatea posible litzateke”.  

Industrialdearen datuak
140.000 metro karratu guztira.
110.000 metro karratu industriarako.
30.000 metro karratu berdegune.
80.000 metro karratu erabiltzen gaur egun.
30.000 metro karratu hutsik.