Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan Nafarroako autopistako bidesaria kentzeko 12 milioi euroko diru-saila bideratu zen joan den urtean. UPNren ekimenez onartu zuen PPk. Turismo moduko ibilgailuendako da bidesariaren gaineko hobaria, beti ere, joan-etorria 24 ordutan egiten badu. Gidariek soilik BEZa pagatuko dute. Manu Aierdi Ekonomia Garapenerako Lehendakariordeak Irurtzunen asteartean azaldu zuenez, “guk deskontu handiari beste deskontu bat gaineratuko diogu. Hori eginen dugu. Baina, legez, erabiltzaileek BEZa ordaindu behar dute. Hala egin zuten kamioi gidariek Belateko tunelak itxita egon zirenean”.
Aurretik “kristoren” deskontuak zeudela gogorarazi zuen: “egunero erabiltzen zutenendako % 96 zen. Honekin % 98 baino gehiago da. Egunero erabiltzen ez dutenendako, hilean behin, esaterako; orain Nafarroako Gobernuaren deskontua % 70 da gutxi gorabehera eta honekin % 95era igoko da”. Aierdik jakinarazi duenez, neurri hori hiru eta bost urte artean indarrean egonen dela kalkulatu dute. 12 milioi euro horietatik urtero bi pasa gastatuko dira. Jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuak bere deskontuak pagatzeko 14,3 edo 14,4 milioi euro bideratzen ditu urtero. Madrildik etorritako dirua bukatzean “denon artean zer egin pentsatu beharko dugu”.
Tarifak
Nafarroako autopistako gaur egungo ohiko tarifa 2,2 eurokoa da ibilgailua arinendako, 2,85 eurokoa 1 motako ibilgailu astunendako eta 3,9 eurokoa 2 motako ibilgailu astunendako. Nafarroako Gobernuak tarifa horiei deskontuak aplikatzen dizkio, ViaT gailua duten ibilgailuei beti ere. Horren arabera joaterakoan Saratsako bidesaritik pasatzen direnei % 40ko deskontua egiten die. Eta 72 ordutan berriro handik pasatzen bada, buelta dohainik da.
Zenbat eta maiztasun handiagoa izan orduan eta gutxiago pagatzen du erabiltzaileak. Izan ere, bidesaritik hilean 12 pasa (joan-etorri) egiten dituztenei aipatutako deskontuari beste %40 gehitzen zaio. 20 pasa egiten dituztenen kasuan % 60ko deskontu gehigarria dute eta 36 joan etorri egiten dutenendako % 90eko deskontu gehigarria du. Horiei Madrildik etorritako diru-laguntzak gehitu beharko zaizkie. Antza, bidaiariek BEZ zerga besterik ez dute ordaindu beharko.