Greba feministarako prestaketa bilerak hasi dira

Guaixe 2019ko urt. 18a, 08:58

Greba feminista prestatzeko Etxarri Aranatzen egindako bilera. Argazkia: utzitakoa.

Greba feminista “emakumeok sufritzen dugun indarkeria puntu desberdinetatik aztertzeko aukera izanen da”.

Euskal Herriko mugimendu feministak grebara deitu ditu emakumezkoak, transak eta bolleroak martxoaren 8an. Mugimenduak jakinarazi duenez, grebak bost ardatz izanen ditu: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Joan den urteko grebarekin alderatuta ardatz bat gehiago izanen da, pentsioena, greba feminista bizitzako esparru guztietara iristen delako.

Baina ardatz nagusia zaintzarena izanen da. Itun sozial berri bat eskatu dute mugimendu feministatik "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkar gelditu. Horretarako etxeko lanetan eta zaintza lanetan dabiltzan emakumeekin aliantzak sortu, estutu eta indartu nahi dituzte. Aldi berean, "etxeko langileen esplotazioarekin aberasten diren enpresa banpiroak seinalatzeko eta administrazioaren arduragabekeria salatzeko" deia egin  dute. Greba egunean gizonezkoek zaintza lanez arduratzeko eskatu dute mugimendutik.

Ibarrean
Sakana dagoeneko hasi dira deialdia prestatzen. Altsasuko Mugimendu feministako kide Eider Leozek esan digunez, joan den urteko martxoaren 8aren inguruan emandakoa “pauso handia izan zen. Baina, egia esan, urte asko daramatzagu emakumeok borroka horretan”. Mugimendu feministak emakumeak planto egitera deitu zituen joan den urtean: “denok, egunerokoan, ikusten ditugu emakumeok sufritzen edo jasaten ditugun hainbat eraso (ekonomia eredua, indarkeria matxista, arrazakeria eta patriarkatuaren kultura), eta ditugun aldarrikapenak”. Guztiak kaleratu zituzten pasa den urteko greba feministan.

Eta “balorazioa hain positiboa izan zen aurten ere grebara deitzen dugula. Aurten, gainera, apustu handiago batekin: 24 orduko greba”. Izan ere, 2018an deialdia egiteko arrazoiak ez dira desagertu. Martxoaren 8ra begira, Sakanan, eta herriz herri, mugimendu feminista saretzen ari da, arlo bakoitzean plangintza propioa emateko. Joan den urtean herrietako emakumeak elkar ezagutzeko balio izan zuen eta harreman hori berpiztu dute. Ibarreko feministak grebaren zergatiak diren gaiak lantzen hasi ziren elkarrekin asteazkenean. Batzar irekian irintarrak, uhartearrak, arbizuarrak, etxarriarrak, urdiaindarrak, altsasuarrak eta ziordiarrak elkartu ziren, 15 guztira.

Grebaren Nafarroako koordinazio bileretara joaten diren arbizuarrek, etxarriarrek eta altsasuarrek  grebari buruz duten informazioa zabaldu zuten. Informazioaz aparte, batzarrean parte hartu zutenek Sakanan zer egin, nola antolatu, ibar mailako erantzuna emanen den, elkarrekin zerbait eginen den, herrietan elkartuko diren eta bestelakoak mahai gainean jarri zituzten. Jakinarazi digutenez, martxoaren 8an Sakanan bi mobilizazio egitea erabaki zuten, bai goizean, bai arratsaldean. Baina ez zuten zehaztu zer eginen duten eta non. Grebaren aurretik emakumezkoek herrietan egin ditzaketen hainbat ekimen zerrendatu zituzten, mahai gainean utzi zituztenak aurrerago zehazteko. Egitekoak gehiago zehazteko hurrengo batzar irekia hilaren 30ean, 18:00etan, jarri dute, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Bestalde, makina bat sakandarrek Iruñeko udaletxe plazan egindako bilkuran parte hartu zuten. “Faxismoaren aurrean elkartasun feminista” adierazi nahi izan zieten Andaluziako emakumeei.