San Antonen lau kofradiak asteburuan dituzte hitzorduak

Guaixe 2019ko urt. 18a, 14:51
Sanantondar dorrobarrak mahaiaren bueltan. Artxiboa.

Animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen babeslea da San Anton. Bere eguna atzo zen, ilbeltzak 17an. Asteguna zenez, Sakanako San Antonen omenezko lau kofradiek asteburura pasa dituzte ospakizunak. Burundako kofradiak XVII. Mendetik aurrera indar hartu zuen mandazainek sortu zuten. Dorraokoa, berriz, berriagoa da.

Dorrao
San Anton kofradiako buru edo priorea Agustin Lizarraga Etxeberria da. Bera eta laguntzaileak biharko gosaria prestatzera Itur-aldea elkartean elkartuko dira. Ziurrenik afaltzera geldituko dira. Sanantondar dorrobarrak bihar, 09:00etan, elizan elkartuko dira, hildako kofradeen aldeko mezan. Elizkizunaren ondoren priorearen etxean hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatuko dute. Eta handik elkartera joanen dira, kofradiako karguak zozketa bidez berritzera. Eta horren ondoren gosariaren txanda izanen da. Gero, bazkaldu bitartean, nor bere albiziora ibiliko dira, 15:00etan, berriro ere, mahaiaren bueltan esertzeko. Dorraoko San Anton kofradia 1923koa da, beraz, mendeurrena ospatzeko 4 urte falta zaizkio.

Bakaiku
Bakaikun sanantondarrek ere larunbatean dute hitzordua, 13:00etan, elizan. Hildako kofradeen aldeko meza izanen da kofradiaren eguneko aurreneko ekitaldia. Hura despedituta, elizaren ondoan kofradeen talde argazkia eginen dute. Bazkal garaira arte poteoan ibiliko dira kofradeak. Bakarrekoetxea elkarteko mahaira 14:30ean eseriko dira. Kofradiako maiordomo Iñaki Saez de Adanak erakundearen kontuen berri emanen du eta akta liburuan jasoa geldituko da, kofradiak izan dituen kideen altekin eta bajekin batera (1.715etik osatzen ari da). Saez de Adanaren belero edo laguntzaile dena maiordomo izatera pasako da eta kofrade berri batek laguntzaile kargua hartuko du. Egiteko horiek despedituta, sanantondar bakaikuarrek majo bazkalduko dute.

Iturmendi
San Anton eguna domekan ospatzen duen kofradia bakarra da Iturmendikoa. Etzi, 12:30eko mezan elkartuko dira kofradiako kideak. Elizkizunera San Anton kofradiaren estandartearekin joanen dira. Mezaren ondoren, apaizaren etxean batzarra eginen dute sanantondarrek. Kofradiaren kontuak egunean jarri eta haien berri ematearekin batera, kide berrien eta hildakoen izenak gaineratuko dira akta liburuan (1690ekoa). Azkenik, kofradiaren ardurak banatuko dituzte. Egiteko horiek guztiak despedituta, hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatuko dute. Handik Aritzaga elkartera joko dute, bazkaltzera.

Urdiain
San Anton kofradiako kide urdiaindarrak bihar eguerdian elizan elkartuko dira. Hildako kofradeen aldeko mezan izanen dira. Aspaldi, eliz atean animaliak bedeinkatzen zituzten. Orain ordea, elizkizunaren ondoren, apaiza kofradeez inguratuta dagoela, elizako eskaileretatik herriko soro eta abereak bedeinkatuko ditu. Eta segituan San Anton kanta abestuko dute guztiek.

Egiteko horien ondoren, Tintiniturri elkartean gosalduko dute eta handik herriaren etxera joanen dira, kofradiaren batzarra egitera. Diru kontuak, altak eta bajak akta liburuan jasoko dituzte (1691ekoa da kofradia). Poteoaren ondoren Aitziber elkartean bazkalduko dute. Eta iluntze aldera mahaitik jaso eta kofradiako ardura hartu eta utzi duten lau kideen etxeetara joanez errondan ibiliko dira.

Erlazionatuak