Binakakoa: Ezkurdiak eta Zabaletak irabazi eta Martijak galdu

Guaixe 2019ko urt. 21a, 12:33
Irribarriak eta Zabaletak maisuki jokatu zuten. Argazkia: Aspe.

Binakako hasierako ligaxkan Ezkurdiak eta Galarzak eta Altuna III.ak eta Martijak hiruna puntu dituzte eta Irribarriak eta Zabaletak sei

Ostiralean bina punturekin Binakako ligaxkako azken postuetan zeuden bi bikoen partida hartu zuen Mungiak: Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Urrutikoetxea ordezkatu zuen Laso eta Aretxabaleta izan zituzten aurkari. Hasieran deseroso ibili ziren lau pilotariak; Ezkurdiak ez zuen gozatu eta Baikokoak aldea ateratzen hasi ziren: 4 eta 11 aurreratu ziren Laso eta Aretxabaleta, Lasoren erremateengatik bereziki. Baina Arbizukoak eta Baraibarkoak ez zuten esperantza galdu eta gutxinaka erantzuten hasi ziren. Galarzak jokoa hobetu zuen, Ezkurdia aurreko koadroetan gailentzen hasi zen eta sekulako lana eginez markagailuari buelta ematea lortu zuten Aspekoek, Baikokoen akatsekin batera: 17ra berdindu eta gero, zuzenean joan ziren 22 eta 18raino.
Horrela, izugarrizko balioa zuzen garaipena lortu zuten Ezkurdiak eta Galarzak, hirugarren puntua lortzea eta txapelketagatik lehiatzen jarraitzea ahalbideratu diena.

Bestalde, larunbatean Altuna III.ak eta Martija Olaizola II.a eta Albisuren kontra aritu ziren Bilbon. Ez zen Altunaren eguna izan, gipuzkoarrari ez zitzaion ezer atera. Olaizola II.a eta Albisu jaun eta jabe izan ziren. Albisuk izugarri jo zuen eta Martija, aldiz, errebotean ibili zen, Albisuren jaurtiketei erantzuteko nahikoa lanarekin. Aurreko koadroetan Olaizola Amezketakoari alde handiarekin gailendu zitzaion. Horrela, Olaizola II.a eta Albisuk 9 tantotan utzi zituzten Altuna eta Martija, eta euren 7. puntua lortu zuten. Altuna III.ak eta Martijak, aldiz, laugarren puntua lortzeko aukera alperrik galdu zuten.

Bukatzeko, igandean Eibarko Astelenan Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra aritu ziren Irribarria eta Zabaleta. Aspekoek sekulako erakustaldia eman zuten: biak bikain aritu ziren, abiadura eta sekulako indarrarekin mugitu zuten pilota eta jokoz kanpo utzi zituzten Bengoetxea VI.a eta Imaz. Imaz erasotzea, hori izan zen euren estrategia eta bikain atera zitzaien. Aspekoek izugarri jo zuten, ez dago beste hitzik, eta sei tantotan utzi zituzten Bengoetxea VI.a eta Imaz. Euren seigarren puntua bilduta, finalerdietara sailkatzeko bide zuzenean daude Irribarria eta Zabaleta.

Puntuazioa
Binakako ligaxkako sailkapenean, 7 puntu dituzte Elezkano II.a-Rezustak eta Olaizola II.a-Albisuk eta 6 puntu Irribarria-Zabaletak. Artola eta Mariezkurrenak 5 puntu dituzte eta hiru punturekin 3 bikote daude: Ezkurdia-Galarza, Altuna III.a-Martija eta Bengoetxea VI.a-Imaz. Azkenik, Urrutikoetxeak eta Imazek 2 puntu dituzte.

Datorrena
Binakako ligaxkako 10. jardunaldian ostiralean Ezkurdiak eta Galarzak Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra jokatuko dute Hendaian. Larunbatean, Labriten, Olaizola II.a eta Albisuk Bengoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari eta Markinan, Urrutikoetxea eta Aretxabaleta Artolaren eta Mariezkurrenaren kontra ariko dira. Bukatzeko, igandean, Tolosan, bi arakildarrak elkarren kontra lehiatuko dira: Altuna III.a eta Martija, Irribarriaren eta Zabaletaren kontra.