Lagun Arteak irabazi eta lider jarraitzen du eta Altsasuk 0 eta 5 irabazi zion Liceori

Guaixe 2019ko urt. 21a, 14:22
Erregional mailan bikain dabiltza Lagun Artea eta Altsasu.

Erregional maila. 17. jardunaldia: Salesianos 0 – Lagun Artea 4 / Altsasu 5 – Liceo Monjardin 0

Asteburuan erregional mailako 17. jardunaldia jokatu zen eta jardunaldia bikaina izan da gure taldeendako. Lakuntzan San Saastin festak zirenez, Salesianos eta Lagun Artearen arteko partida aurreratu eta aurreko astean jokatu zuten. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak, baina bigarrenean Lagun Arteakoak jaun eta jabe izan ziren. Bikain ibili ziren eta 0 eta 4 irabazi zuten Ion Ollok, Etor Alegriak, Ander Unanuak eta Iker Ansorenak sartutako golei esker.

Dantzalekun ere nagusi izan zen Altsasu. Liceo Monjardin taldeari 5 eta 0 irabazi zion Altsasuk, partida ikusgarrian. Hasieratik saiatu ziren altsasuarrak, eta, azkenean, 22. minutuan gola sartu zuen Ormazabalek. Behin Liceoren atea mustuta, atzetik etorri ziren beste golak, Mendiak, Leonek, Claverrek eta Lobok sartutakoak. Partida bikaina altsasuarrena.

Lagun Arteak eusten dio erregional mailako lidergoari (42 puntu), Lagunak B taldeari hiru puntu aterata (39 puntu). Altsasu laugarrena da (31 puntu). Asteburuan sailkapenean azkena den Liceo Monjardinen kontra ariko da Lagun Artea eta sailkapenean bosgarrena den San Ignacioren kontra lehiatuko da Altsasu.