Sakanako pilotari onenak

Guaixe 2019ko urt. 22a, 13:25

Ostiralean XXXI. Sakanako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Arbizun eta Lakuntzan eta ondoren sari ematea Lakuntzan egin zen. Guztira 13 final jokatu ziren eta nagusietan Murgiondo eta Petriati izan ziren txapeldunak

Sakanako klubetan trebatzen dabiltzan 100 pilotari pasatxok hartu zuten parte XXXI. Sakanako Pilota Txapelketan, ondoko klubetakoak: Olaztiko Sutegi, Altsasuko Pilotajauku, Etxarri Aranazko Gure Pilota, Arbizuko Aldabide, Lakuntza eta Irurtzun. Txapelketarekin, gure klubetan trebatzen diren pilotariei txapelketetan aritzea ahalbideratu nahi zaie. Ostiralean jokatu ziren finalak, Arbizun eta Lakuntzan, 13 final guztira. Lehia biziak izan ziren pilotariek eskainitakoak, estuak, zaletasuna sortzen dutenak.

Lehenengoz emakumezkoak aritu ziren txapelketan, bi kategorietan: kimuak eta kadeteak. Horregatik pozik zeuden antolatzaileak, aipatutako 6 klubak. Sakanako Txapelketarekin gure bailaran pilota sustatzen jarraitu nahi dute, baita emakumezkoen pilota ere.

Nagusien mailan Murgiondok eta Petriatik (Irurtzun-Gure Pilota) 22 eta 13 irabazi zieten Ansotegiri eta Berazari (Gure Pilota Irurtzun) eta emakumezkoetan, kadeteen mailan, Udane Bergarak 18 eta 6 irabazi zion Naroa Agirreri. Bukaeran, Lakuntzako Behar Zana frontoian egin zen sari ematea.Tartean zeuden klub antolatzaileetako ordezkariak, Nafarroako Pilota Federazioko presidente Miguel Pozueta, Aspeko Adur Lasa pilotaria eta Jorge Nagore pilotari ohia, besteak beste.


XXXI. Sakanako Pilota Txapelketako finalak
Arbizun:
Txikiak: Lizaso-Beloki (Irurtzun) 18 / Etxeberria anaiak (Irurtzun) 7
Umeak 2: Lizarraga-Mitxelena (Pilotajauku) 14 / Beloki-Gorraiz (Irurtzun) 18
Kimuak 2: Nagore-Escudero (Irurtzun) 18 / Beraza-Enaitz (Aldabide-Gure Pilota) 16
Haurrak 2: Garmendia-Amado (Aldabide) 18 / Lizarraga-Razkin (Aldabide) 5
Kadeteak neskak: Udane Bergara (Pilotajauku) 18 / Naroa Agirre (Pilotajauku) 6
Kadeteak 1: Mikel Imaz (Aldabide) 15 / Ioritz Gorrotxategi (Aldabide) 18
Gazteak: Lima-A. Araña  (Irurtzun) 18 / Araña-Berastegi (Irurtzun) 16

Lakuntzan:
Umeak 1: Lizarraga-Etxeberria (Irurtzun)  17 / Xabier-Oihan (Aldabide) 18
Kimuak 1: Igoa-Okiñena (Irurtzun) 18 / Izagirre-Zabala (Aldabide) 4
Kimuak neskak: Vergara-Izquierdo (Pilotajauku) 13 / Sanzol-Lanza (Pilotajauku) 18
Haurrak 1: Baztarrika-Lakuntza (Aldabide) 18 / Imaz-Ortiz (Irurtzun) 3
Kadeteak 2: Remiro-Ezkurra (Aldabide) 18 / Arraiza-Cidoncha (Sutegi) 10
Nagusiak: Ansotegi-Beraza (Gure Pilota-Irurtzun) 13 / Murgiondo-Petriati (Irurtzun-Gure Pilota) 22