2019ko Euskadi Fundazioa taldea aurkeztu dute

Guaixe 2019ko urt. 23a, 13:33

Jorge Azanzak jarraitzen du kontinental taldeko zuzendaritza lanetan eta taldeari “aurrera” egiteko garaia heldu zaiola uste du altsasuarrak. Ailetz Lasa eta Eneko Aramendia afizionatuen taldean ariko dira

Aurreko ostegunean 2019ko Euskadi Fundazioa taldearen aurkezpena egin zen Orona fundazioak Hernanin duen egoitzan, Mikel Landa presidentea buru zela. Gizonezkoen kontinental taldea da fundazioak maila gorenean duen taldea,  emakumezkoen taldearekin eta 23 urtez azpiko afizionatuekin batera.

Jorge Azanza altsasuarrak jarraitzen du kontinental mailako taldeko zuzendari lanetan. Bere esanetan, taldeari “aurrera” egiteko garaia heldu zaio eta mezu hori eman die bere txirrindulariei. Zuzendariak taldea iaz baino hobeto ikusten du eta taldeak “aurrerapausuak” eman behar dituela, hori da mezu nagusia. Ilbeltzaren 30ean hasiko du urtea Fundazioak, Mallorcako Challengean. Azanzak 91 eguneko lehiaketa egutegia diseinatu du. 11 txirrindulari ditu bere aginduetara eta aurreko urtetik ona aldaketa franko egon dira: sei txirrindularik utzi dute taldea eta bost berri iritsi dira: Jokin Aranburu eta Unai Cuadrado Ampo Goierrikotik, Dmitri Zhigunov eta Antonio Jesus Soto Lizartekoak eta Sergio Higuita kolonbiarra, Education Firstek utzia ekainera arte. Gainontzekoak Diego Lopez, Mikel Alonso, Gotzon Martin, Peio Goikoetxea, Txomin Juaristi eta Ibai Azurmendi dira. Oso pozik dago Azanza bere taldearekin eta aurrerapausua ematea, hori da eskatzen diena.

Ailetz Lasa eta Eneko Aramendia Euskadi Laboral Kutxara
Euskadi Fundazioko 23 urtez azpiko taldean bi sakandar arituko dira. Batetik, junior mailatik afizionatuetara salto egin duen Ailetz Lasa ziordiarra, Burunda klubean trebatutakoa, eta, bestetik, Rural Kutxa talde afizionatutik datorren Eneko Aramendia iturmendiarra. 20 txirrindularik osatuko dute Euskadi Laboral Kutxa afizionatuen taldea eta Euskalduna Torneoan eta Espainiako Kopako probetan ahalik eta lan onena egitea izango da euren helburua.