Sakandarrak Baionako Emono Dan Tai Sen Topaketetan

Guaixe 2019ko urt. 24a, 12:53

Igandean Amets taldeak antolatutako topaketan 20 borrokalari sakandar inguruk hartu zuten parte

Amets Euskal Herriko yoseikan budo taldeak topaketa berezia antolatu zuen Baionan, Euskal Herriko II. Emono Dan Tai Sen Topaketak hain zuzen ere. Txiki eta helduendako taldekako armen edo makilen borrokak izan ziren Baionakoak. Zehazki, 3 borrokalariz osatutako bi talde 3 minutuz lehiatu behar zuten, eta helburua makilekin 15 ukitze egitea zen.

Txapelketan Euskal Herriko Amets yoseikan budo taldeko kide diren EHko klubek hartu zuten parte, tartean Etxarri Aranazko eta Altsasuko Txuixoo taldeek. Guztira Sakanatik 20 borrokalari gerturatu ziren eta guztiek, ongi pasatzeaz gain, topaketako oroigarria jaso zuten.