Karasatorrek Bertsolari Txapelketan jokatuko du

Guaixe 2019ko urt. 25a, 13:37

Saats Karasatorre Irunberriko Gizarte Etxean. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Aurreko asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketarako bi aurre-kanporaketa jokatu ziren Iruñean eta Irunberrin. Saats Karasatorre hirugarren sailkatu zen, eta Txapelketarako txartela lortu zuen. Idoia Granizo gertu gelditu zen. Bihar, ilbeltzaren 26an, aurkeztuko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 9an hasiko da. Bihar, ilbeltzaren 26an, aurkeztuko dute, baina aurretik txapelketan arituko diren zerrenda osatu zuten aurreko asteburuan, ostiralean eta larunbatean, egindako bi aurre-kanporaketetan. Sei bertsolari sailkatu ziren: aurre-kanporaketa bakoitzaren txapeldunak zuzenean sailkatu ziren, eta beste lauak puntuen arabera lortu zuten txartela. Hortaz, hirugarren sailkatua Saats Karasatorre etxarriarra izan zen. Idoia Granizo altsasuarra zortzigarren gelditu zen, sailkapenatik gertu.

Lehen aldiz Txapelketa batean parte hartzen zuten bertsolariak alde batetik, eta duela bi urteko txapelketan azken sei sailkatuak bestetik, bi aurre-kanporaketa egin ziren aurreko asteburuan. Lehenengoa Iruñeko Txantrea auzoko Auzitegian jokatu zen, eta Idoia Granizo altsasuarra aritu zen. Bigarrena, Irunberriko Gizarte etxean izan zen, eta Irunberrin Saats Karasatorre etxarriarra egon zen. Aurre-kanporaketan parte hartu zuten hamabi bertsolarietatik, seik lortuko zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela.

Karasatorre sailkatua
Lortutako puntuen arabera Saats Karasatorre hirugarren sailkatua izan zen, bai jokatutako aurre-kanporaketan bai sailkapen ofizialean ere. Hortaz, Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko du etxarriarrak. Karasatorre "pozik" dago egindako lanarekin. "Gaizki hasi nintzen, baina ongi bukatu. Normalean kontrakoa egiten dut, baina oraingoan horrela gertatu zen". Zortziko handian "abiaraztea" kostatu zitzaion, baina zortziko txikitik aurrera "hobera" egin zuen eta hamarreko txikian "gustura" aritu zela adierazi du Karasatorrek. "Bakarka oso pozik aritu  nintzen".

Irunberriko jorratu ziren gaian, hauek izan ziren; besteak beste: aireportura oporretara joan eta labunak motxila txiki bat eraman du eta besteak maleta handia; alkatetza utzi behar duen alkatea eta sartu behar den bestea; kotxe elektrikoa eta kutsadura, eta hasiera ezagutu ez duten arren laguna da

"Aurreikuspenak egitea arriskutsua eta zaila da". Karasatorre Nafarroako Bertsolari Txapelketarako sailkatu da, baina ez da aurreikuspenak egiteko gai, izan ere, "asko esaten duzu eta gero kontrakoa izan daiteke". Hala ere, aurre-kanporaketan egindako lanarekin "pozik" dago. Baita duela bi urteko txapelketan egindako lana ere. 25. sailkatua izan zen Karasatorre. 

Granizoren lehenengoa
Idoia Granizo bertsolari altsasuarrak ez du lortu Nafarroako Bertsolari Txapelketan sailkatzea, gertu gelditu bazen ere. Iruñeko aurre-kanporaketan "sailkatuen hurrengoa" gelditu zen, hau da, laugarren sailkatua izan zen puntuen arabera. Bi-aurrekaporaketen sailkapen orokorrean zortzigarren sailkatu zen. Sailkatu ez bada ere, Granizo "espero zuela baina sentsazio hobearekin" gelditu da. "Giro ona zegoen, jende asko hurbildu zen eta gure artean oso eroso kantatu genuen".

Granizo bosgarrena zen eta oso eroso aritu zen ofizioetan. Kartzelan denbora gehiegi egon zela esan du, eta "kontzentrazioa galdu" zuela han. Puntu erantzunetan "irristatu" omen zen, baina ofizioekin oso pozik zegoela.

Gaiak denetarikoak izan ziren, "umorea eta gai soziala, denetarik; beti bezala": Maravillas gaztetxea, kirola egiteko txandalarekin atera eta poteatzen amaitu, enpresa bat erdi bana izan eta batek atzerrian zabaldu nahi du baina besteak ez.

Lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa izanen zen Granizorendako. Atarian gelditu den arren, "pozik" dagoela esan du. "Beti egoten dira bertso onak eta bertso txarrak". Aurre-kanporaketa ondoren jendea gerturatu zela esan du, "eta saltoa ikusi dutela esan didate. Oso ongi ari naizela". Lanak "fruituak" ematen dituela ikusten ari da Granizo.

Oso gaztea da Granizo; hortaz, aukera gehiago izanen ditu Txapelketan parte hartzeko. Izan ere, bertsolaritzaren munduan "barruraino sartuta" dagoela esan du.

Aurre-kanporaketak
Aurreko asteburuan jokatutako bi aurre-kanporaketetan Arkaitz Goikoetxea, Saioa Mitxelena eta Jon Abril izan ziren epaile. Txantrean, lehenengo aurre-kanporaketan, Zigor Gartzia 'Zian' izan zen gai-jartzailea eta Irunberrin, bigarren aurre-kanporaketan, Maialen Belarra.

Iruñeko aurre-kanporaketaren sailkapena

1. Joana Ziganda Olano. 234,5 puntu
2. Diego Riaño Barroso. 231 puntu
3. Sahats Aleman Sabada. 223 puntu
4. Idoia Granizo Ulibarrena. 215,5 puntu
5. Aitor Irastortza Arrizurieta. 213 puntu
6. Mintxo Astiz Goñi. 185,5 puntu

Irunberriko aurre-kanporaketaren sailkapena

1. Xabat Illarregi Marzol. 251 puntu
2. Endika Legarra Nuin. 236,5 puntu
3. Saats Karasatorre Martinez. 235,5 puntu
4. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. 215,5 puntu
5. Ander Baiano Saralegi. 211,5 puntu
6. Oskar Sanz de Acedo Pollan. 207,5 puntu

Sailkapen orokorra

1. Xabat Ilarregi Marzol. 251 puntu
2. Endika Legarra Nuin. 236,5 puntu
3. Saats Karasatorre Martinez. 235,5 puntu
4. Joana Ziganda Olano. 234,5 puntu
5. Diego Riaño Barroso. 231 puntu
6. Sahats Aleman Sadaba. 223 puntu
7. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. 215,5 puntu
8. Idoia Granizo Ulibarrena. 215,5 puntu
9. Aitor Irastortza Arrizurieta. 213 puntu
10. Ander Baiano Saralegi. 211,5 puntu
11. Oskar Sanz de Acedo Polla. 2017,5 puntu
12. Mintxo Astiz Goñi. 185,5 puntu