Bular-minbiziaren kontrako programa Sakanan da

Guaixe 2019ko urt. 28a, 09:03
Bular-minbiziaren kontrako programako autobusa Etxarri Aranazko osasun etxearen ondoan.

Gonbidapena jaso duten emakumezkoak parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute Osasunbidetik, goiz detektatuta gaitza kontrola daitekeelako. Duela bi urteko parte hartzea % 87,72koa izan zen.

Bular-minbiziaren hilkortasuna txikitu, bizi-iraupena handitu eta kaltetutako emakumezkoen bizi kalitatea hobetzeko asmoa du bular-minbizia goiztiar atzemateko programak. 1990ean martxan jarri zen eta 45 eta 69 urte arteko (biak barne) emakume guztiei dago zuzenduta, baita lehen mailako senideetan (ama edo alabak eta ahizpak) aurrekariak dituztenendako. Programa eta zerbitzua emakumezkoei hurbiltzeko eta hartan gehiagok parte hartzeko Osasunbideak unitate mugikorra du. Oraingoa programaren 15. aldia da.

Autobusa bi urtetan behin edo etortzen da Sakanara eta hiru geldialdi egiten ditu Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeen ondoan. Burundan dagoeneko egon da (abenduaren 10etik ilbeltzaren 9ra) eta Etxarri Aranaztik pasa ondoren (ilbeltzaren 14tik 24ra) Irurtzunera joko du (ilbeltzaren 28tik otsailaren 8ra). Osasunbideak oraingoan hitzordua 1949ko ilbeltzaren 1etik 1974ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako 3.930 emakumezkori bidali zien etxera (aurreko aldian baino 142 gehiago). Haietako 404k estreinakoz parte hartuko du programan. Gainera, arriskuzko familia aurrekariak dituzten beste 17 emakumezkok ere jaso dute hitzordua (6 gutxiago).

Guztiei mamografiaren teknika aplikatzen zaie, eta bular bakoitzeko bina proiekzio egiten diete, zeihar-erdi-albokoa eta kraneo-kaudala. Oro har, behaketen arteko tartea bi urtekoa izaten da, baina detektatutako patologiak eskatuz gero, tartea urtebetekoa izan ohi da.

Bular-minbiziaren kontrako programa
  15. aldia 14. aldia    
Osasun eskualdea Estreinakoz Aurretik deituak Guztira Gonbidapenak Parte-hartzaileak Parte-hartze %
Irurtzun* 144 1.478 1.622 1.583 1.407 88,88
Etxarri Aranatz 106 933 1.039 1.009 894 88,60
Altsasu 154 1.115 1.269 1.196 1.022 85,45
Guztira 404 3.526 3.930 3.788 3.323 87,72
*Arakilgoez aparte,Araitz, Imotz, Iza eta Larraungoak.