Guaixeren 25 urteak dakartzan berrikuntzak

Guaixe 2019ko urt. 25a, 11:00

Guaixek 25 urte beteko ditu abenduan. Ospakizunak aurrerago etorriko dira, baina, bitartean, aitzakia polita iruditu zaigu hausnarketa egin eta, bereziki, Guaixeko sareetan –web gunea eta sare sozialak– aldaketak egiteko. Izan ere, etengabe berritzen doaz komunikazio moldeak eta sakandarrok batzen gaituen Guaixek ere zurrunbilo horretan egon nahi du. Maider Beteluren eta Erkuden Ruizen erreportajea. 

1994ko abenduan publikatu zen Guaixe Sakanako aldizkariaren lehen alea. Hortaz, 25 urte beteko ditu ordutik hasieran hilabetero eta gero astero publikatzen hasi zen gure Sakanako aldizkari euskaldunak. Trantsizio bidean, 2001ean Oixe astekaria jaio zen, Guaixe hilabetekariarekin batera elkarbizi izan zena, bata hilero eta bestea astero Sakanako etxeetara heltzen, 2004an Guaixe hilabetekaria desagertu eta egungo Guaixe astekaria denak ordezkatu zuenera arte.

Guaixerekin batera, 1999an Beleixe irratia jaio zen (107.3 FM), ibilbidean aurrera egiten duenak. Eta, web guneak sortu zirenetik sarean sartu zen Guaixe eta egun www.guaixe.eus da Sakanako irakurle euskaldunen web atarietako bat, sare sozialekin –Facebook, Twitter, Mastodon eta Instagram– batera.

Hauxe da, komunikabideei dagokienez, gure historia labur-laburra. 25 urte beteko ditugu, aurrerago ospatuko dugu, baina urte berezi honi aldaketekin ekin nahi diogu, etengabe berritzen doaz komunikazio moldeetan Guaixek, Beleixek eta GK Komunikazioak berritu beharra dutelako.

www.guaixe.eus Plataforma Digital berria, gaurtik indarrean
Paperezko Guaixea da gure produktu izarra, baina www.guaixe.eus web guneak ere geroz eta trafiko handiagoa du. Geroz eta irakurle gehiago hurbiltzen zaizkigu saretik. Esaterako, 2017tik 2018ra 35.382 bisitan gora egin zuen gure web guneak, %13,49 hazi zen bisiten kopurua. Pentsa, 2013ko abenduan 2.970 bisita izan genituela, eta 2018ko abenduan 14.356 bisita izan ziren. Zer nolako aldea! Eta iazko bisita pikorik altuena ekainean izan genuen, 34.495 bisitekin. Beraz, geroz eta web irakurle gehiago ditugu.

Gaurtik aurrera, www.guaixe.eus web gunera sartzerakoan aldaketa nabarmena sumatuko duzue. Izan ere, Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, Plataforma Digitalaren bertsio berria estreinatu du eta Guaixek ere, Tokikomeko kide izanik, Plataforma Digital berri horrekin bat egin du. Tokikom Plataforma 2013an sortu zuen Tokikomek, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, toki komunikabideei euren beharretara egokitutako tresna digital bat eskaintzeko, medio txikien presentzia digital duina erraztu eta edukiak, teknologia, inbertsioak eta alor digitaleko estrategia partekatzeko. Ordutik 17 komunikabidek egin dute bat proiektuarekin, tartean Guaixek, eta Plataforma Digitalaren bertsio berria gaur mustuko dugu.

Beraz, gaurtik aurrera itxura berri-berria dakar www.guaixe.eus -ek, eta nabarmenena da bertsio berriak gailu mugikorrak, sakelekoak, dituela helburu nagusi, edukiak gailu horietatik kontsumitu zein sortzea errazteko. Izan ere, ikerketek argi erakusten dute erabiltzaileek gehienbat sakelekoetatik kontsumitzen dituztela  eduki digitalak –trafikoaren %66tik gora dator gailu mugikorretatik, eta ehuneko hori etengabe haziz doa– eta, horregatik, mugikorrak lehenesteko web gunearen itxura grafikoa eraldatu da: hiru zutabeko diseinu batetik zutabe bakarreko diseinura pasatu gara, eta lehen alderik alde zabaltzen ziren menuak, orain atzamarraz erraz maneiatzeko moduko “hanburgesa estiloko” botoietan bildu ditugu. Orrialdeen karga arintzeko aldaketa teknikoak ere egin dituzte CodeSyntax enpresako kideek, eta diseinua garbitu eta sinplifikatu dute. Administrazio gunean ere aldaketak egin dituzte, kazetariei albisteak mugikorretik zuzenean argitaratu ahal izatea errazteko.

Guaixek, Tokikomek eta CodeSyntaxek diseinatu dute www.guaixe.eus Plataformaren bertsio berria, elkarlanean. Bost hilabete luzeko prozesu bat izan da, gaur hasiko da martxan eta ea web gune berritua erabilgarriagoa, intuitiboagoa eta politagoa iruditzen zaizuen.

Sare sozialak
Ekin lokaletik, eragin globalean edo, beste modu batera esanda, Sakanatik mundura.
Komunikazioaren eta informazioaren munduak aldaketa nabarmena izan du azken urteetan. Etengabeko eraldaketa ematen ari da. Hortaz, 25. urteurrenarekin batera eraldaketa horren parte izanen da Guaixe. Esan bezala, Plataforma berria mustuko dugu, eta, horrekin batera, Sare Sozialetan fokua jarri dugu ere. Sare Sozialak etengabeko informazio iturriak dira; beraz, komunikabide bezala, Guaixeren Sare Sozialak Sakanako bat bateko informazio iturria izanen dira. Beti ere, euskaraz. Beleixe Irratia eta Gkrekin berdina eginen dugu.
Facebook, Twitter, Mastodon eta Instagram sare sozialetan aurkituko duzue Guaixe.

  Facebook-en (Guaixe Sakanako Astekaria) 4.500 lagun baino gehiago gara, baina eraldaketa prozesu honetan, gure Facebook profila orrialdea edo fanpage bihurtuko dugu. Guaixe komunikabide bat den heinean, profesionaltasunera salto egitea erabaki dugu eta fanpage orrialdeak aukera hori ematen digu. Izan ere, Facebook-eko profilak pertsonendako bideratuta daude, eta Guaixe, zuen laguna izatea gustuko duen arren, komunikabide bat da. Guaixeren profileko informazio guztia eta berdina jasoko duzue Facebookeko Guaixe fanpage orrialdean @guaixe. Egin beharreko gauza bakarra orrialdeari atsegin dut botoian sakatzea da.

  Twitter sare sozialean ere aldaketak izanen dira: azken orduko informazioa eskaintzea izanen du helburu. Beraz, @guaixe-ren denbora lerroa dinamikoagoa izanen da. 2.500 jarraitzaile inguru ditu, une honetan, Guaixek txoriaren sare sozialean.


  Mastodon sare sozial askera ere egin du salto Guaixek aurten. Mastodon.eus instantzia berria sortu bezain laister erabaki zuen Guaixek kontua irekitzea. @guaixe kontuan ere azken orduko informazioa eskaintzea izanen da helburua.

  Instagram sare sozial gaztera salto egin du Guaixek ere (@guaixe). Argazkiei eta irudiei garrantzia ematen dion sare sozial honetan, Guaixek haren irudiak elkarbanatuko ditu, baita zuzeneko bideoak eta informazioa ere eskainiko ditu. Besteak beste, Instagram sare sozialeko jarraitzaileek kazetarion lana barrutik ezagutzeko aukera izanen dute.


Bazkide txartel berria
Guaixe fundazioko 1.450 bazkideak dira gure altxor nagusietako bat. Euren babesarekin egiten dute aurrera gure proiektuek. Eurei esker ona azaltzeko, aurki BG txartel berritua jasoko dute gure bazkideek eta txartel horri esker, Sakanako makina bat komertzioetan egiten dituzten erosketetan onurak eta hobariak izango dituzte.

Guaixe fundazioa Nafarroako Gobernuko MECNA Mezenasgoa Kultura Programan sartuta dagoenez, Guaixeko bazkideek egindako ekarpenaren %80a jasotzen dute bueltan Errenta Aitorpena egitearakoan. Adibidez, urtero 50 urte ordaintzen dituzten bazkideei Errenta Aitorpenean 40 euro itzultzen dizkio Ogasunak. Eta, horretaz gain, bazkideek BG txartelarekin onurak dituzte Sakanako zenbait saltokietan eta hilabetean behin gure bazkideen artean hainbat produktu lote zozketatzen ditugu. Eta gure zerbitzu eta produktuetan –eskelak, diseinua, irratiko kuñak…– beherapenak dituzte. Ez da truke kaxkarra, ezta?

Bestalde, gure bazkideek berehala jasoko dute Guaixe pegatina berria, euren buzoietan itsasteko, etxe horretan paperezko Guaixea jasotzen dutela ziurtatzen duen pegatina. Banatzaileen asteroko lan fina errazteko asmoz eginen da hau.

Beleixe irratia (107.3 FM)
Guaixe fundazioak bultzada berri bat eman dio Beleixe irratiari (107.3 FM) eta abendutik aurrera astelehenetik ostiralera bi orduko zuzeneko saioak egiten ditugu, 10:00etatik 12:00etara. Prentsa eta eguraldiari errepasoa, eguneko agenda, albistegia, elkarrizketak eta Karrape eta Aralar irratiko esatariekin elkarlanean osatutako sarea dira bi ordu horietan eskaintzen direnak. Gainontzeko orduetan, 24 orduko musika eskaintza egiten du Beleixe irratiak.

GK zerbitzua
Guaixe fundazioak duen beste zerbitzu bat GK diseinua eta komunikazio zerbitzua da. Zure enpresarako txartela behar duzula, etorri eta logoa diseinatu eta txartela egingo dizugu, zure beharretara; zure herrian aldizkari bat egin nahi duzula, zatoz! Denetarik egiten dugu: diseinu grafikoa eta ilustrazioa (logotipoak, kartelak, txartelak, festetako programak, eskuorriak…), editoriala (liburuak, boletinak, aldizkariak, katalogoak…), marketing digitala (web orriak, sare sozialen kudeaketa, …), itzulpenak eta edukien sormena eta erredakzio lanak, besteak beste.