Erriberatik mendialdera eta mendialdetik Iruñerrira. Nafarroako geografia osotik hedatuko ditu bertsoak 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Tuteran hasiko da otsailaren 9an, larunbatean, eta finala martxoaren 23an, larunbatean, izanen da, Anaitasuna kiroldegian. Guztira zortzi saio izanen dira: lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Bi sakandarrek parte hartuko dute: Eneko Lazkoz Martinez eta Saats Karasatorre Martinez etxarriarrek. Gainera, martxoaren 9an, larunbata, finalaurreko bat jokatuko da Etxarri Aranazko kultur etxean.
Larunbatean, ilbeltzaren 26an, aurkeztu zuten 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa Barañainen, Nafarroako Bertsozale Elkartearen bilera egin ondoren. Bertan bildu ziren Txapelketan parte hartuko duten hainbat bertsolarik, aurkezlek, gai-jartzailek eta laguntzailek.