Kalanbreekin eta polemika tarteko garaipena lortu zuten Martijak eta Altuna III.ak

Guaixe 2019ko urt. 28a, 12:07
Martija lurrean, kalanbrea duela. Irudia: ETB.

Altunak eta Martijak 22 eta 20 irabazi zieten Irribarriari eta Zabaletari partida estu eta gogorrean. Ezkurdiak eta Galarzak galdu egin zuten Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra eta txapelketan apenas aukerarik gabe geratu dira

Asteburuan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 10. jardunaldia jokatu da. Ostiralean hasi zen jardunaldia, Ezkurdiak eta Galarzak Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra Hendaian jokatutako partidarekin. Arbizuarra saiatu zen, baina ezin. Ostirala ez zen Galarzaren eguna izan, akats nabarmenak egin baitzituen, eta arbizuarra gainera erori zitzaion zama guztiari erantzuteko kapaza ez zen izan. Horrela, 22 eta 10 irabazi zieten Elezkano II.ak eta Rezustak, txapelketako euren 8. puntua lortuaz. Liderrak dira Elezkano eta Rezusta eta finalerdietarako sailkapena ia eskutan dute. Aldiz, Ezkurdia eta Galarza apenas aukerarik gabe geratu dira, 3 punturekin.

Atzo, Tolosako Beotibarrek Altuna III.a-Martijaren eta Irribarria-Zabaletaren arteko partida hartu zuen. Partida oso gogorra izan zen eta parez-pare ibili ziren bi bikoak. Bost aldiz berdindu zuten: 3 eta 3, 16 eta 16, 17 eta 17, 18 eta 18 eta 19 eta 19. Irribarriak eta Zabaletak gehiago kontrolatzen zuten piloteoa, alde politak ateratzea lortu zuten, baina aspaldiko Altuna ikusteko aukera izan genuen eta txisteratik makina bat tanto ikusgarri atera zituen Amezketakoak. Atzean, lehia estua izan zuten Martijak eta Zabaletak. Martija lehertu nahi izan zuten Irribarriak eta Zabaletak, baina Julenek bikain erantzun zuen, sekulako erresistentzia izan zuen eta berak bakarrik 200 pilotakada eman zituen. Horrela, lehertuta bukatu zuen, baina amore eman gabe.

Partida izugarri gogortu zen eta 16 tantotik aurrera kalanbreekin aritu behar izan zuen Martijak. Bihotzekoa emateko moduko partida izan zen, azken tantoetan bereziki. Eta 21 eta 20an iritsi zen polemika: kalanbreez gain, bola ere igo zitzaion Martijari eta lurrera erori zen Etxeberriko atzelaria. Erorketa horrek Irribarria trabatu zuen eta Aramakoa ezin izan zen pilota bueltatzera iritsi. Ez dago zalantzarik, nahi gabe, Martijak traba egin ziola Irribarriari, baina epaileek ez zuten egoera onartu eta tantoa Altuna III.aren eta Martijaren aldera erori zen, partidaren garaipenaren tantoa, hain zuzen.

Horrela, 22 eta 20 irabazi zuten Altuna III.ak eta Martijak. Euren laugarren puntua lortu zuten eta berriro sartu dira txapelketan. Irribarriak eta Zabaletak sei punturekin jarraitzen dute, eta hauek ere txapelketako finalerdietan egoteko aukerak dituzte. Bizi-bizirik dago, beraz, Binakakoa.

Datorrena: 11. jardunaldia
Asteburuan 11. jardunaldia jokatuko da. Ostiralean, Urdulizen, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra ariko dira Elezkano II.a eta Rezusta (ETB 1). 8 puntu dituzte Elezkano II.ak eta Rezustak, hanka eta erdia baino gehiago finalerdietan dute, eta bi hankak finalerdietan sartzeko irabazi nahiko du Aspeko bikoteak. Bengoetxeak eta Imazek lau puntu dituzte, Olaizola II.a eta Albisu irabaztetik datoz, animoak goian, eta bosgarren puntua lortzea, hori da euren helburua, txapelketan aukerak izateko.

Olaizola II.aren eta Albisuren kontra ariko dira Ezkurdia eta Galarza larunbatean Idiazabalen. Bi bikoak galtzetik datoz. Ezkurdiak eta Galarzak txapelketan aurrera egiteko ez dute aukerarik, baina itxura hobetzea da euren erronka eta garaipenagatik borrokatuko dira. Olaizolak eta Albisuk, aldiz, euren zortzigarren puntua lortu nahi dute finalerdian egotea ziurtatzeko. Beraz, lehia estua espero da.
Artola eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari Irribarriak eta Zabaletak larunbatean Labriten (ETB1). Bi bikoek seina puntu dituzte eta jokoan dagoen puntua urrezkoa da, balantza alde batera edo bestera mugituko duelako; beraz, asteburuko jardunaldi interesgarrienetakoa izango da Bomboneran jokatuko dena.

Eta azkenik, Altuna III.ak eta Martijak Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute igandean Bilbon (ETB1). Urrutik eta Aretxabaletak bi puntu dituzte, txapelketan aukerarik gabe daude, baina ez dute txapelketako faroltxo gorria izan nahi eta jokoan dagoen puntua lortu nahi dute; Altuna III.ak eta Martijak, aldiz, aurreko asteko bidearekin jarraitu nahi dute eta bosgarren puntua lortu.

Beraz, Binakako beste jardunaldi ikusgarri baten atarian gaude.