Lagun Arteak irabazi egin zion Liceori eta San Ignaciok mendean hartu zuen Altsasu

Guaixe 2019ko urt. 28a, 13:21
Lagun Arteak 0 eta 4 irabazi zion Liceo Monjardini eta erregional mailako lider jarraitzen du.

Erregional maila. 18. jardunaldia: Liceo Monjardin 0 – Lagun Artea 4 / San Ignacio 2 – Altsasu 0

Lakuntzako Lagun Artea taldeak lider jarraitzen du asteburuan Liceo Monjardini 0 eta 4 irabazi eta gero. Hasieran Liceo Monjardinek ongi eutsi zion liderrari, baina Ander Unanuak Lagunen markagailua mustu zuen 17. minuturako. Bigarren zatian jaun eta jabe izan ziren lakuntzarrak eta Daniel Bravok, Unai Zubiriak eta Ion Ollok sartutako golei esker, 3 puntuak Lakuntzara ekarri zituzten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian, aldiz, San Ignaciok eta Altsasuk lehia oso estua izan zuten. San Ignaciok aurreratzea lortu zuen 36. minutuan, eta atsedenaldiaren ondoren partidaren kontrola hartu zuen San Ignaciok. Altsasu saiatu zen, baina San Ignaciokoak izan ziren bigarren gola sartu eta garaipena lortu zutenak.

Lagun Artea liderrak (45 puntu) hiru puntu ateratzen dizkio Lagunak B taldeari (42 puntu). Nahiz eta asteburuko jardunaldia galdu, Altsasuk laugarren postuari eusten dio (31 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean bosgarrena den San Ignacio hartuko du Zelai Berrin eta Altsasuk Lagunak B bigarrena Dantzalekun. Beraz, bi talde sakandarrek garaipena lortzen badute, fabore ederra eginen liokete bata besteak elkarri.