Euskadi-Muriasek 2019ko taldearen aurkezpena egin du

Guaixe 2019ko urt. 29a, 14:36

Ilbeltzaren 23an egin zen gizonezkoen Euskadi-Murias talde kontinentalaren eta Maialen Aramendia iturmendiarraren Murias-Limousin emakumezko taldearen aurkezpena, Oreretako Niessen Gune Komertzialean

Ilusioa. Hori omen da Euskadi-Muriasen 2019 denboraldia hobekien definitzen duen hitza. Hori azaldu zuten taldearen aurkezpenean, bederen. Ilbeltzaren 23an Oreretako Niessen Gune Komertzialean aurkeztu zituzten 2019ko Euskadi-Murias gizonezkoen talde kontinental profesionala eta 23 urtez azpiko, juniorren eta kadeteen Murias-Limousin emakumezkoen taldea. Azken honetan ariko da Maialen Aramendia txirrindulari iturmendiarra. Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak eta Arritxu Iribar kazetariak hartu zuen ekitaldia gidatzeko ardura.

Patxi Mundiñanok mekanikari eta zuzendari-alboko lanetan jarraitzen du
Gizonezkoen Euskadi-Murias taldeak 20 txirrindulari izanen ditu, Jon Odriozolaren aginduetara. “Euskadi-Muriasen bosgarren denboraldia izan behar da hau; orain arte eta egindako lan bikainagatik uste baino lehenago kokatu gara munduko txirrindularitzaren elitean” nabarmendu zuen Odriozolak. Hor kokatu zituen Flecha Valona eta antzeko lasterketa garrantzitsuetan aritzeko gonbidapenak. “Elitean gaude; orain, horrenbeste esfortzuren ondorioz lortutako une hauetaz gozatzen jakin behar dugu. Hori da aurten dagokiguna: bide berean lan egin, baina, aldi berean, lortutakoaz disfrutatzea, historia egiten gaudelako” gaineratu zuen.

Aipatzekoa da Muriasen staffean etxarriar bat dagoela, Patxi Mundiñano mekanikaria, aldi berean zuzendari ondokoa dena.

Txirrindulariei dagokienez, ondokoa da Euskadi-Muriasen aurtengo plantilla: Garikoitz Bravo, Ander Barrenetxea, Mikel Bizkarra, Aritz Bagües, Julen Irizar, Gotzon Udondo, Mikel Iturria, Oscar Rodriguez, Cyril Barthe, Mikel Aristi, Fernando Barceló, Urko Berrade, Mario Gonzalez, Sergio Rodriguez, Beñat Intxausti, Hector Saez, Juan Antonio López-Cozar, Dani Viejo, Sergio Samitier eta Enrique Sanz.

Maialen Aramendia, emakumezkoetan
Emakumezkoen Murias-Limousin taldeko Loli Sansanok, bere aldetik, Muriasek emakumezkoen taldea izateko apustua nabarmendu zuen. “Ziurrenik etorkizunean poz asko ekarriko digute” aipatu zuen. Iturmendiko Maialen Aramendiak Murias-Limousin taldean debutatuko du aurten, 23 urtez azpikoen mailan. 23 urtez azpiko eta jubenilen taldean, Maialen Aramendia, Irati Idirin, Garazi Erostarbe, Naia Amondarain, Xubane Garai eta Ekhine Rivas txirrindulariek osatuko dute Murias-Limousin taldea, eta kadete mailako Limousin-Murias taldea Amaia Astarloak, Jone Gisasolak, Naroa Olanok eta Nagore Txintxurretak osatuko dute. Guztiak Loli Sansano zuzendariaren aginduetara ibiliko dira, eta Euskal Herriko egutegietan lehiatuko dira batez ere.