90 km orduko, abiadura muga berria

Guaixe 2019ko urt. 29a, 15:32
Autoak errepidean, Lakuntzako bidegurutze parean.

Autobiak eta autopista ez diren errepideetan gehienezko abiadura muga 90 km orduko izanen da gaurtik. Bigarren mailako errepideetan joan den urtean 24 pertsona hil ziren Nafarroan.

Bi norabideak fisikoki bereizi gabe dituzten ohiko errepideetan abiaduraren muga orduko 100 kilometroetatik 90era jaitsi da. Hori ibilgailu arinendako, autobusendako eta furgoneta txikiendako da. Furgoneta handien, kamioien eta gurdia duten ibilgailuen abiadura muga 80 km orduko izanen da, Europan ohikoena dena. Azkenik, bizikletek eta ziklomotoreek gehienez 45 km orduko abiadura hartzeko aukera izanen dute.

Bigarren mailako errepideetan abiadura jaisteko erabakia Espainiako Gobernuak hartu du. Neurri horrekin trafiko istripuak murriztu nahi dira, izan ere, errepide mota horretan izaten dira trafiko istripuetako 10etik 7. Gehiegizko abiadurak, gainera, auto istripuen % 20 eragiten ditu. Gobernuak neurri horrekin beste helburu bat lortu nahi du: bigarren mailako errepideak erabiltzen dituzten bidaiari eta merkantzia ibilgailuen arteko abiadura aldea murriztea. Izan ere, ikerketek erakutsi dute errepidearen bataz besteko abiaduran ez doazen ibilgailuek istripua sortzeko aukera gehiago dute. Esaterako, kamioiak (90 km/o lehen) eta motor eta autoen artean (120 km/o lehen). Azkenik, gehiegizko abiaduraren murrizteak gertatu daitezkeen istripuen ondorio ezkorrak gutxitu nahi ditu.

Istripuak gora
Trafiko ezbeharrek 28 hildako utzi zituen joan den urtean Nafarroan, aurreko urtean baino 13 gehiago. Bigarren mailako errepide sarean 24 pertsona hil ziren joan den urtean. Erabakia duela hilabete hartu zen eta bitarte horretan Nafarroako Gobernuak Nafarroako errepide sareko 3.860 kilometroetatik 3.454ean 107 seinale ordezkatu ditu.