Anitzartean Zerbitzuak logotipo berriarekin ospatu du bere 10. urteurrena

Guaixe 2019ko urt. 30a, 11:17

Sakanako Mankomunitateko zerbitzu horrek kultur jatorri desberdinetako sakandarren artean zubigintza lana egitean ari da. Sakandar guztiei zuzenduta dagoen zerbitzua da.

Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren logotipo berria aurkezteko Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzaren batzar aretoa bete zen atzo. Bego Zestau Baraibar teknikariak zerbitzuaren irudi berria izanen dena aurkeztu zuen. Elena Vera altsasuarraren diseinua da. “Eskua luzatzea adeitasun ikurra da” eta logotipoan tamaina desberdineko eta kolore askotako hiru esku ageri dira, elkarren ondoan, ikutzear ia. “Eskuen tamainak eta koloreek aniztasuna adierazten dute. Eskuan ondoan jarriz zerbitzuaren helburua gogoratzen dugu: kulturartekotasunera pausoak ematea, jatorri anitzeko pertsonen arteko hartu-emana benetakoa izatea. Elkar ezagutzatik harago joatea”. Hori guztia borobil batean bildua dago, eta Zestauk zergatia argitu du: “borobilean daude, denak plano berean daudelako, ez bat goian eta bestea behean, inor baztertzen ez dugula adierazteko. Eta hondoa beltza da, kolore horri balio baikorra emateko”. Zerbitzuaren eta haren hamar urteko ibilbidea jasotzen duen esku-orriaren azalean ageri da logotipo berria. Hura aurki Sakana guztian barna zabalduko dute.

Zestauk nabarmendu zuen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua sakandar guztiei bideratuta dagoela. Helburuetako batzuk zerrendatu zituen: “Sakanara bizitzera etorri diren pertsonei harrera egokia eskaintzea, bertan integratzeko bideak irekitzea eta erraztea. Hor bertako jendeak ikaragarrizko pisua du”. Zestauk gaineratu zuenez, “elkarbizitza ahalik eta baikorren izatea zaintzen dugu, errespetuzkoa, bazterkeriarik gabekoa eta ahalik eta berdin eta anitzena. Horretarako, lan asko egiten dugu estereotipoak eta aurreiritziak hausten eta zurrumurruen kontrako kanpainetan”.

Jardunaz
Teknikariak nabarmendu zuenez, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak programatutakoak baino “askozaz jarduera gehiago egiten dira urtero. Aurrera ateratzen diren proposamenak sakandarrek proposatutakoak dira. Hainbat eragilerekin elkarlanean aritzen da zerbitzua. Elkarlan horrek ekartzen du urtero aurreikusitakoak baino jarduera gehiago egitea”. Zestauk azpimarratu duenez, jatorri anitzeko sakandarrak ez dira soilik jarduerak proposatzera mugatzen, “haiek egiteko gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eta ondoren baloratzen dituzte”.

Kulturartekotasun zerbitzuak bitartekaritza zerbitzua ere eskaintzen du: “bai kultura aldetik bai hizkera aldetik Afrika ipar-mendebaldetik, Magrebetik, etorritako pertsonek desberdintasun nabarmenena dute. Hasieratik jaso genuen hainbat zerbitzuetatik elkar ulertzeko zailtasunak zeudela”. Gaur egun Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak bitartekari lanak eginen dituen pertsona bat du, bertako hizkuntzak eta arabiera menperatzen dituena. “Ikaragarrizko emaitzak ematen ari da”.

Zerbitzuak egin duen hamarkadako ibilbidean aldamenean izan dituen hainbat erakundetako eta esparrutako ordezkariak eta norbanakoak izan ziren atzoko aurkezpenean: ikastetxeetako profesionalak, guraso elkarteak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, Sakana Harrera Harana plataformakoak, udal ordezkariak, zerbitzuko batzordeko kideak, praktikan aritutakoa eta jatorri anitzeko hainbat pertsona. 30 bat guztira.  

Harremanetarako:
648 070 710
anitzartean@sakana-mank.eus