Binakako 11. jardunaldiari begira

Guaixe 2019ko urt. 31a, 09:55

Atzo astebururako partidetarako materiala aukeratu zuten Ezkurdia-Galarzak eta Olaizola II.a-Albisuk eta Altuna III.a-Martijak eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak. Gaur, ostegunean, Irribarria-Zabaletaren eta Artola-Mariezkurrena II.aren txanda da, 11:00etan, Labriten

Elezkano II.ak eta Rezustak badakite Binakako finalerdietarako sailkatu direla (8 puntu). Baina gainontzekoen parte-hartzea oraindik ez dago zehaztua eta bizi-bizirik dago, beraz, Binakakoa. Olaizola II.ak eta Albisuk 7 puntu dituzte, Irribarria-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrena II.ak 6 puntu, Altuna II.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Imazek 4 puntu, Ezkurdia-Galarzak 3 puntu eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak 2 puntu. Hauxe da panorama, hasierako ligaxka despeditzeko 4 jardunaldiren faltan.

Datorrena
Ostiralean, Urdulizen, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra ariko dira Elezkano II.a eta Rezusta. Atzo egin zuten material aukeraketa. Elezkano II.a eta Rezusta finalerdietarako sailkatu dira, baina sentsazio onekin jarraitu nahi dute, ligaxkako lider, eta horretarako irabazi nahi dute. Bere aldetik, Bengoetxeak eta Imazek lau puntu dituzte, Olaizola II.a eta Albisu irabaztetik datoz, animoak goian, eta bosgarren puntua lortzea, hori da euren helburua, txapelketan bizirik daudela erakutsi eta finalerdietarako borrokan jarraitzeko.


Larunbatean, Idiazabalen, Ezkurdia eta Galarza Olaizola II.aren eta Albisuren kontra ariko dira. Atzo egin zuten pilota aukeraketa. Bi bikoak galtzetik datoz. Ezkurdiak eta Galarzak txapelketan aurrera egiteko ez dute aukerarik, baina itxura hobetzea da euren erronka eta garaipena lortzeko dena emango dute. Olaizolak eta Albisuk, aldiz, euren zortzigarren puntua lortu nahi dute finalerdian egotea ziurtatzeko. Beraz, lehia estua espero da.

Larunbatean, Labritek, jardunaldiko partida interesgarriena dena hartuko du. Irribarriak eta Zabaletak Artola eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari larunbatean Labriten (ETB1). Bi bikoek seina puntu dituzte eta jokoan dagoen puntua urrezkoa da biendako, balantza alde batera edo bestera mugituko duelako; puntako partida aurreikusten da. Material aukeraketa gaur, ostegunean, goizeko 11:00etatik aurrera egingo dute Labriten.

Eta, azkenik, Altuna III.ak eta Martijak Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute igandean Bilbon (ETB1). Atzo egin zuten material aukeraketa, eta Urrutikoetxea egon zen, baina Zaratamokoak ez zuen guztiz konfirmatu jokatzeko moduan egongo den hala ez. Gaur hartuko du erabakia. Urrutik eta Aretxabaletak bi puntu dituzte, txapelketan aukerarik gabe daude, baina ez dute txapelketako faroltxo gorria izan nahi eta jokoan dagoen puntua lortu nahi dute; eta Altuna III.ak eta Martijak, aldiz, aurreko asteko bidean jarraitu nahi dute eta bosgarren puntua lortu, finalerdietarako sailkatzeko aukerak izaten jarraitzeko. Altunak material aukeraketan onartu zuen “konfiantzaz hobe” daudela bera eta igandean ikusgarri aritu zen Martija. Etxeberriko 21 urteko atzelariak partida ikusgarria jokatu zuen igandean, defentsan bikain aritu zen, Irribarriaren eta Zabaletaren erasoari bikain eusten, eta asteburuko protagonista izan zen. Makina bat komunikabideetako portada izan da, datu ikusgarriak utzi zituelako: 85 minutu eta 756 pilotakadako partida gogorrean, 200 pilotakada Martijak jo zituen, sekulako zifra, Irribarriak 192, Zabaletak 185 eta Altunak 179 jo zituztenean.