Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan Sakanako 5 probek puntuatuko dute

Guaixe 2019ko urt. 31a, 13:01

Tritoiena, Triku Trail, Uharte Arakil Beriain Km Bertikala eta Etxarriko Mendira Joan-Etorria Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarriak izango dira eta Lakuntza-Aralar mendi lasterketa Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izango da

Sakanako mendi lasterketek pisu handia izango dute Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan edo Txapelketan. Zehazki, 11 probek erabakiko dute Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketa eta horien artean Sakanan jokatzen diren lau proba daude: ekainaren 16an Arbizuko kanpinean jokatuko den III. Tritoiena, ekainaren 30ean Etxarri Aranatzen jokatuko den VI. Triku-Trail, irailaren 22an jokatuko den XI. Uharte Arakil Beriain Kilometro Bertikala eta urriaren 6an Etxarri Aranatzen antolatuko duten XLIV. Mendira Joan-Etorria.

Horretaz gain, ekainaren 9an jokatuko den XVII. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa, aldi berean, Nafarroako Kluben Arteko Nafarroako txapelketa izango da.

EHko Rankinga
Bestalde, Euskal Mendizale Federazioak 2019ko Euskal Mendi Federazioko Mendi Lasterketen Rankinga izeneko txapelketa antolatu du aurten. 19 probek puntuatuko dute, tartean Sakanan jokatuko diren hiru: XVI. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa, VI. Triku-Trail lasterketa eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala. Beraz, hiru proba hauek, Nafarroako Txapelketarako baliagarriak izateaz gain, Euskal Mendi Federazioko Mendi Lasterketen Rankingerako baliagarriak izango dira.