Aguraingo eta Altsasuko gazte asanbladek antolatuta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako martxa egin zen larunbat goizean. Gazte erakunde bakoitzak 10:30ean jarria zuen hitzordua, batek Araian, Urdiainen besteak. Adar bateko eta besteko ibiltariek Ziordian bat egin zuten 13:00etan. 50 bat ibiltari iritsi ziren. Ziordiarrek prestatutako auzatearen ondoren, herri sarrerako paretan AHTren kontrako mezua pintaketa gisa utzi zuten.
AHT egitasmoa geldiarazteko eta tren soziala aldarrikatzeko eskatuz, Altsasun taldea eratu eta bere burua hitzaldi bat emanez aurkeztu zuen abenduan 19an. Ordutik AHTren kontrako mezua bizitu egin da herrian. Besteak beste, egungo trenbidea bikoiztea, trenen pasen maiztasuna handitzea, trenbide azpiegitura nazioarteko trenbide zabalerara egokitzeko hirugarren erraila jartzea proposatzen dute. Horrela, herriak elkartuko lukeen trenbide soziala izanen genukeela diote AHTren kontrakoek. Eta, bide batez, AHT egiteko trenbide berri bikoitza eraikitzeko eta gero hura mantentzeko lanen diru gastua aurreztuko litzatekeela diote. Bestetik, egitasmo beraren inguruko erakusketa izan zen Etxarri Aranazko estalope berrian larunbatean.