Goi tentsio linearako lau alternatiba daude

Guaixe 2019ko ots. 2a, 11:44

Argindar dorrea Beriain atzean duela.

Castejon, Muru Artederreta eta Itsaso herriak goi tentsioko linea baten bidez lotzeko proiektuaren tramitazio ofiziala hasi da. Aurki ukitutako udalek dokumentazioa jasoko dute.

Indarrean dagoen elektrizitate garraio sarearen planifikazioan jasotakoari segituz, Red Electrica Españolak (REE) Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko dituen 400 kilovoltioko (kV) argindar linea egiteko hasierako dokumentua ondu du. Agiriak lau trazadura aukera jasotzen ditu, baina momentuz ez da jakinarazi zein diren eta udalek horien berri aurki jasoko dutela aurreratu dute.

Proiektuari buruzko parte hartze prozesua egin zen maiatzean eta jasotako proposamenak kontuan izan dituztela azaldu dute REEtik. Gaur egun bi herrialdeak lotzen dituen eta Sakana zeharkatzen duten 220 kV-ko bi argindar linea daude. REEk proposatzen dituen lau aukeretatik bitan aurreikusten da aipatutako lineetako bat kentzea eta haren natur berreskurapena egitea. Beste alternatiba batek aurreikusitakoa egitea proposatzen du eta azkenak, berriz, konponbide mistoa: linea bakoitzaren zatiak birpotentziatzea eta zatiak desmuntatzea. Hori egiteko lehentasunezko lau pasabide edo korridore aukeratu dituzte, 90 eta 104 km arteko luzera dutenak eta alternatiben arabera komuneko zatiak lituzketenak.

220 kV-eko bi linea
REEk jakinarazi duenez, Sakana zeharkatzen duten bi lineak XX. mende erdialdekoak dira eta “gaitasun oso mugatua dute, 300 megavatio bakoitzak, egungo linea batek baino sei aldiz gutxiago. Beraz, dauden azpiegiturek ez diete gaur egungo beharrei erantzuten. Ezta eskualde energia planetan aurreikusitakoei ere”. 2030 Nafarroako Energia Planean haize bidez argindarra sortzeko gaitasuna bikoiztea aurreikusten da, Europako aholkuak jarraituz eta klima aldaketaren kontrako borrokan 2050erako zehaztutako helburuak betetzeko: eredu berria eraginkorragoa eta jasangarriagoa izatea.

Lanek 70 milioi euroko aurrekontua lukete. Eta proiektua gauzatuta “saretzea berritu eta indartzeko balioko du, baita Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko elektrizitatea garraiatzeko gaitasuna indartzeko ere. Segurtasuna eta horniduraren kalitatea hobetuko da. Eta eskaera puntuetara eraman behar den energia berriztagarri kopuru handieneko sisteman integratzen da”.  


Egitasmoa ez da berria. Aurrenekotan lotura Lizarraldetik eta Arabako mendialdetik egiten zen. Tokiko eragileen kontrako jarreragatik bertan behera gelditu zen. Ondorengo proposamenetan Sakana zeharkatzen zuen eta ere bertan behera gelditu zen. Jendea Autopista Elektrikorik Ez! plataforman bildu da eta egitasmoak ez duela inolako justifikaziorik argudiatzen dute. Hautetsi ugariren babesa dute. Plataforma bilera egitekoa da egoera aztertzeko.