Santa Agedari kantatzera

Guaixe 2019ko ots. 4a, 11:44

Altsasuko Zubiondo abesbatza kantatzera atera izan da Santa Agedatan.

Bihar da Santa Ageda eguna eta bezperan, gaur, Sakanako zenbait herrietan abesbatzak sortu eta herrian barna kantari ariko dira

Hala, Santa Ageda gogoratzen duten koplak kantatzera deitu ditu irurtzundarrak Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak. Koplari segizioa plazatik 18:00etan abiatuko da. Irañetako Santa Ageda koplak kantatuko duen abesbatza Txapel Azpi elkartetik 18:30ean abiatuko da. Herrian barna kantu-erronda eginen du.

Lakuntzarrak plazan elkartuko dira, 16:30ean. Baserritarrez jantzita, etxez etxe eskean aritu eta Santa Ageda koplak abesten, kantu-eskean. Akaberan, kultur etxean elkartuko dira jasotakoarekin merienda eginen dute. Bildutako arrautzekin patata tortilak eginen dituzte, txistorra... meriendu ederra. 
auean, Lakuntzako abesbatza aterako da Santa Agedako koplak abestera, kriseiluak eskuan. Jasotakoarekin afaria egingo dute elkartean. Etxarri Aranatzen musika eskolan jarri dute hitzordua, 17:45ean. Ikasleak, hainbat musika tresna lagun dituztela, herrian barna kantatzera aterako dira. Segizioa abesbatza txikiko eta handiko kideekin osatuta egonen da. Ibilbidea 18:30ean plazan despedituko dute eta han, denendako, txokolate-jana izanen da.

Altsasun, 12:30ak aldera, Iñigo Aritza ikastolako DBHko ikasle batzuk abestera joanen dira herrira. Txioka haur ikastolan, San Juanen, Zumalakarregi plazan eta Iortia kultur guneko zabalgunean kantatzeko geldialdiak eginen dituzte. Iluntzean ere izanen da Santa Ageda koplak entzuteko aukerarik Altsasun. Kukuerreka elkarteko kantu taldekoak 19:00etan abiatuko dira. Antza Lagun Onak elkarteko kide batzuk ere aterako dira.