Euskarazko irakaskuntza, bizitzako bidaia oparitu

Guaixe 2019ko ots. 4a, 12:07

Euskararekin seme-alabak urruti iritsi daitezke.

D ereduarekin seme-alabek euren desirak bete ditzaketelako, hartan matrikulatzera deitu du Sakanako Mankomunitateak.

Heldu den ikasturtean eskolatuko diren ikasleak matrikulatzeko epea heldu den astean izanen da, gaurtik ostiralera. 3 urteko haur horiendako hainbat irakaskuntza aukera daude. Baina Nafarroako tokiko hainbat erakundek, Sakanako Mankomunitatea barne, Euskarabidearen laguntzarekin, Aspalditik gatoz eta #Urrutira goaz kanpaina martxan jarri dute, gurasoak euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustua egitera gonbidatu dituzte, "seme-alabei bizitzako bidaia oparitzeko".


Kanpainaren sustatzaile diren toki erakundeek adierazi dutenez, "D eredua da, hizkuntzen murgiltze goiztiarraren bidez, Nafarroako bi hizkuntzak, gaztelaniaren eta euskararen eta atzerriko hizkuntza baten oinarri sendo bat bermatzen duen bakarra. Ziurtatu dutenez, "euskarazko ereduak haurrei bertako kulturarekin harremana eskaintzen dio eta gure gizartean haiek sartzea indartzen du.

Euskarazko irakaskuntzak ibilbide luzea egina duela nabarmendu dute: "hainbat guraso belaunaldik arrakasta handiz haien seme-alabak kalitatezko eredu horretan matrikulatu dituzte, eta erakutsi digute, horietako askok hizkuntza jakin gabe ere, ikastetxearen laguntzarekin haien seme-alabak kultura, lan eta gizarte aukera handiak dituzten euskaldun bihurtu direla". Haurrak euren inguru hurbilaz gozatzen haziko direla gaztigatu dute

Hizkuntza batek beti gehitzen duelako, D ereduan matrikulatzearen aldeko aldarria egin dute toki erakundeek. Horregatik, gaineratu dute: "ez du inporta nondik zatozen, nora goazen baizik".