Binakakoa: oraindik ez da ezer erabaki

Guaixe 2019ko ots. 4a, 12:26
Ezkurdiak eta Galarzak sorpresa eman zuten eta 11 tantotan utzi zituzten Olaizola eta Albisu. Argazkia: Aspe.

Pilotari sakandarrek garaipenak lortu dituzte 11. jardunaldian: Irribarriak eta Zabaletak irabazi eta 7 puntu dituzte, Altunak eta Martijak 5. puntua lortu dute eta Ezkurdiak eta Galarzak 4.a

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 11. jardunaldia jokatu da asteburuan eta jornada bikaina izan da pilotari sakandarrendako: hirurek, Zabaletak, Martijak eta Ezkurdiak, euren partidak irabazi dituzte eta puntu bat gehitzea lortu dute. Ligaxka despeditzeko hiru jardunaldien faltan, soilik Elezkano II.ak eta Rezustak (9 puntu) lortu dute finalerdietarako sailkatzea.  Irribarria-Zabaletak, Olaixola II.a-Albisuk, Artola eta Mariezkurrenak eta Altuna III.a-Martijak aukerak badituzte, eta Ezkurdia-Galarzak eta Bengoetxea VI.a-Imazek, oso aukera urriak. Hau oraindik ez da bukatu!

Ostiralean hasi zen 11. jardunaldia. Elezkano II.ak eta Rezustak 15 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea VI.ari eta Imazi, partida ikusgarrian. 9. puntua lortu zuten Elezkano II.a eta Rezusta liderrek eta 4 punturekin geratu ziren Bengoetxea VI.a eta Imaz.

Ezkurdiak eta Galarzak sorpresa eman zuten Idiazabalen
Larunbatean, Idiazabalen, sorpresa ederra eman zuten Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak. Olaizola II.ari eta Albisuri 11 eta 22 irabazi zieten. Ezkurdia eta Galarza partidako dominatzaile argiak izan ziren eta hasieratik aurrea hartzen hasi ziren. Ez zen Olaizolaren eguna izan; Goizuetakoa ez zen batere fin ibili eta Albisuk ere ez zuen bere maila eman. Ezkurdiak eta Galarzak atzera ere Olaizola II.ari eta Albisuri irabazi zieten, kasu honetan 11 eta 22. Tamalez, Arbizurendako eta Galarzarendako akaso beranduegi da, baina euren laugarren puntua lortu dute eta Binakako sailkapena ederki estutzea lortu dute Ezkurdiak eta Galarzak eta ahalik eta itxura onenarekin despeditu nahi dute txapelketa, egurra ematen.

Zabaletaren eta Irribarriaren 7. puntua
Eta aldi berean, Labriten, 6 puntutara berdinduta zeuden Artola eta Mariezkurrena II.aren eta Irribarriaren eta Zabaletaren arteko partida jokatu zen. Lehia zuzena, beraz. Labrit betea zegoela, lehia oso gogorra izan zen lau pilotariek eskaini zutena eta bi bikoteak parez pare ibili ziren. Hasieran Irribarria eta Zabaleta aurreratu ziren, 1 eta 5, baina gero, 12 eta 9-ko aldea atera zuten Artolak eta Mariezkurrena II.ak. Orduan partidan gehiago sartu zen Iker Irribarria. Aurreko koadroetako agintea hartu zuen Aramakoak, eta atzeko koadroetan dominatzen hasi zen Zabaleta. Mariezkurrena erasotzea eta aurrean Irribarriak errematatzea, hori izan zen Aspekoen estrategia eta asmatu zuten. Horrela, 12 eta 9 galtzetik, 12 eta 17 aurreratzea pasa ziren Irribarria eta Zabaleta, eta, azkenean, 15 eta 22 gailendu ziren, zazpigarren puntu preziatua lortuz.

Altuna eta Martija bizirik daude
Eta, atzo, Altuna III.ak eta Martijak Urrutikoetxea ordezkatu zuen Victorren eta Aretxabaletaren kontra aritu ziren Bizkaia pilotalekuan. Aurreko astean partida bikaina egitetik zetozen Altuna III.a eta Martija, animoa goi-goian, eta, nahiz eta hasieran ederki sufritu, azkenean 22 eta 14 gailendu ziren Altuna III.a eta Martija. Ez zen euren partidarik onena izan, hasieran ederki sufritu behar izan zuten, Victorrek abiadura asko eman baitzion pilotari eta partida oso gogorra bilakatu zelako, tanto oso piloteatuekin, eta 10 eta 13 aurreratu ziren Victor eta Aretxabaleta. Baina egoerari eusten jakin zuten Aspekoek, eta 13ra berdindu eta gero, atzeko koadroetan Martija gailentzen hasi zen eta Altunak txispa berreskuratu zituen. Horrela,  eta Victorren eta Aretxabaletaren akatsak probestuz, 22 eta 14 gailentzea lortu zuten Altunak eta Martijak. Bost punturekin, txapelketan bizirik daudela erakutsi nahi dute, eta bukaerara arte dena emango dutela adierazi zuten.

Datorrena, 12. jardunaldia
Txapelketa, beraz, irekia dago oraindik. Honakoak dira asteburuan jokatuko diren partidak:

Ezkurdia-Galarza / Irribarria-Zabaleta (ostiralean, Azpeitian)
Bengoetxea-Imaz / Urrutikoetxea-Aretxabaleta (ostiralean, Tafallan)
Altuna III.a-Martija / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, Labriten. ETB1)
Olaizola II.a-Albisu / Artola-Mariezkurrena II.a (igandean, Gasteizen. ETB1)