Lagun Arteak 8 eta 1 irabazi zion San Ignaziori eta Altsasuk ezin izan zuen jokatu, elurragatik

Guaixe 2019ko ots. 4a, 13:15

Erregional maila. 19. jardunaldia: Lagun Artea 8 – San Ignazio 1 / Altsasu-Lagunak B (atzeratuta)

Lagun Artea liderrak San Ignazio taldea hartu zuen igandean Lakuntzan. Partida ezin izan zen Zelai-Berri zelaian jokatu, elurragatik, eta, horregatik Itxesaldeko hareazko zelaian jokatu zen partida. Lakuntzarrak jaun eta jabe izan ziren eta gol festa ederra ospatu zuten. Partida hasi eta berehala San Ignazioren atezaina kanporatu zuen arbitroak, eta horrek, eta Lagun Artea liderraren nagusitasunak, goitik behera baldintzatu zuten partida. Horrela, 8 eta 1 gailendu ziren lakuntzarrak, Xabi Burillok, Gaizka Sagarzazuk, Ander Unanuak (2), Markel Erdoziak eta Yonatan Davilak (2) sartutako golei esker eta lider jarraitzen dute lakuntzarrek.

Bestalde, Dantzalekun laugarrena den Altsasuren eta bigarrena den Barañaingo Lagunak taldearen partida jokatzekoa zen, baina Dantzalekuko zelaia guztiz elurtuta zegoen eta partida ezin izan zen jokatu. Elurteagatik Nafarroako Futbol Federazioak antolatuta zituen 46 partida geratu ziren bertan behera, tartean Dantzalekun Altsasuk eta Lagunak taldeak jokatzekoa zutena.

Sailkapenean Lagun Artea liderrak 48 puntu ditu eta 6 puntu ateratzen dizkio Lagunak B taldeari, azken hau partida bat gutxiagorekin. Altsasuk laugarren postuan jarraitzen du (31 puntu), partida bat gutxiagorekin. Asteburuan bigarrena den Lagunak B taldearen kontra ariko da Lagun Artea Barañainen, goiko postuen arteko partida; bestalde, sailkapenean seigarrena den Aurrera taldearen kontra jokatuko du Altsasuk, Leitzan.